Udalbiltzak bere konpromisoak berretsi zituen atzokoan

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 17a, 01:00

NAZIOTASUN Eguna izan zen atzo Hernanin eta Euskal Herriko beste zenbait herritan, Udalbiltzak antolatuta. Bildu Hernaniko kideek, Udalbiltzako ordezkaritza lanean, adierazi zuten aurten Naziotasun Eguna kontestu oso berezian ospatu dela, ´zor zaizkigunak aldarrikatzea garrantzi berezia hartzen baitu`. Izan ere, ´urratuak zaizkigun eskubideak dira bizi dugun gatazka historikoaren iturburua` esan zuten. Udalbiltza eskubideak aldarrikatzeko konpromiso horretan jarraitzen duela azaldu zuten eta horren adibide gisa aipatu zuten datozen egunetan kaleratuko duten Euskal Herritarron Eskubideen Urraketen txostena. Herritarrek ere konpromiso horren alde egiteko aukera dutela aipatu zuten. Hori dela eta atzo goizean, EHNA tramitatzen aritu ziren. Dagoeneko EHNA duten herritarrek Eskakizun Ofizial bat betzeko aukera ere izan zuten. Eskakizun hau NBE-ONUra bidaliko da eta bertan eskatzen da euskal naziotasuna aitortzeko. Naziotasun eskubidea nazioartean onartutako eskubidea dela ere adierazi zuten BHko kideek, ´baina gaur egun Euskal Herria zapaldu eta ukatu egiten dute` gehitu zuten. Euskal Herriak demokrazia behar duela esan zuten, eta herritarrak direla etorkizuna erabakiko dutenak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!