HERNANIKO Gazte Asanbladako kideek atzo goizean Udal Jangela okupatu zuten, kiroldegiko eraikin berean dagoena. Gazte Asanbladak espazio hori ´gaztetxe bezala aldarrikatuko` duela adierazi du, ´herriko gazteek gure ekimenak abian jartzeko espazio fisiko bat dugu berriz ere`azaldu dute.
Txabolatik Gaztetxera
Gazte Asanbladak azaldu du espazio horrek urtebete baino gehiago daramala geldirik. Udaletxearen jarrera ere salatu du: ´Gaztetxe Martxa Hernanitik pasatzen zela-eta herriko gazteek euren eskuekin eraikitako Gazte Txabola Udaletxeak bota egin zuen, inongo argibiderik eman gabe. Udaletxearen jarrera unilateralista argia izan zen herriko gazteekin elkarrizketatzeari muzin eginda`. Gazte Txabolan herria bizitu zuten ekintzak egin zirela dio Gazte Asanbladak: ´akelarreko entsaioak, auzolana, bertso afaria, tailerrak, hitzaldiak, ikastaroak eta abar`. Horren aurrean, udalak ´beste behin ere herritik herriarentzako gazteek proposatutako proiektua baztertu` egin zuela salatu du asanbladak. ´Txabolan sortutako ilusioei esker, Udalak egindakoa gure borrokaren amaiera ez zuela izan behar erabaki genuen eta gure borrokaren jarraipen-hasiera bezala definitu genuen` azpimarratu du.