ERRAUSKETAREN aurkako Urumea Bailara Bizirik plataformak prentsaurrekoa eman zuen udaletxean sartutako mozioaren berri emateko. Mozioarekin bat egiten duten 5.500 sinadura ere aurkeztu dituzte eta azaldu dutenez, 3.600 firmatik gora hernaniarrenak dira. Plataformak azaldu du plataforma sortu zenean, firma bilketari ekin ziotela eta orain, firma bilketa bukatutzat eman du eta mozioarekin batera aurkeztu ditu firma guztiak.
Alternatibak bultzatu
Azaldu zuten hernaniarren osasuna eta bizi kalitatea arriskuan ikusten dutela. Izan ere, lehen Landarbaso eta orain Zubieta, Hernaniko zentrotik distantzia antzekoan daudela, eta beraz, hernaniarrentzat arriskua bera dela. Hau dela eta mozio bat aurkeztu dute udalari honakoa eskatuz: -`Gipuzkoako zaborraren kudeaketarako errausketa baztertu dezala eta errepresentazioa duen instituzio guztietan lan egin dezala Gipuzkoan erraustegirik ez egiteko`. -`Hernaniko zaborrak kudeatzeko alternatibak aztertu eta bultzatzeko lanean, buru egin dezala, horretan ari garen taldeekin elkarlanean, beharrezko diren giza baliabideak eta baliabide teknikoak jarrita`. Plataformak argi utzi du errausketaren kontra dagoela, kokalekua edozein dela ere eta alternatiben alde lanean jarraitzeko konpromezua hartu duela.