IV. Errapia festa larunbatean Zikuzulon

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 14a, 01:00

11:00etan hasita, zirko tailerra, graffitiak, antzerkia, dokumentala, txokolatada eta kontzertuak izango dira.

Etzi, larunbata, Errapia festa antolatu dute Zikuzulon, laugarren urtez. 11:00etan hasiko dituzte ekintzak eta gauerarte ez dute etenik izango.

Bezperan, aperitiboa Karboneran
Festa bihar hasiko da, 20:30etan, Karboneran, Jon Zabaleta Errapiako kidearen bideo emanaldiekin. Bertan Ertzetatik 30 minutuko bideoa jarriko dute, iazko Errapia festari buruzkoa. Horrez gain, Egiaren makina eta Beldurrez blai lanak, 8 eta 6 minutukoak, ere jarriko dituzte. Hiru lanak aurten egin ditu Zabaletak eta larunbatean ere Zikuzulon jarriko dituzte. Errapia festa ekintzez lepo 11:00etan haurrentzako zirko tailerra izango da eta 12:00etan graffitiak margotzeko ordua izango da. 14:00etan indarrak berrituko dituzte txistorra, tortila eta abarrekin. 17:00etan antzerki eta poesia esketxak izango dira, 18:00etan Adarragako txokolatada eta 19:00ak aldera proiekzioak emango dituzte horretarako prestatutako gela batean. Gaua Gizajo Terminalek, DJ Waterparties-ek eta Kosek girotuko dute, beren musikarekin. Egun osoan zehar argazki eta pintura erakusketa bat eta Errapiako egileen lanak ikusgai izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!