Hernaniko Molotoff irrati libreak jada hasi du 2006-2007 denboraldia eta urria ezkeroztik 20 saio emititzen ari da. Aurten 91.8 FMn sintonizatu behar da irratia, hobekuntza teknikoak direla-eta.
Programazio zabala
Aurten Molotoffek 20 saio ekoizten eta emititzen ditu, horietatik 7 berriak. Saioen %80 euskeraz dira eta astelehenetik larunbatera ematen dira, 19:00etatik 23:00etara. Saioak errepikatu egingo dira hurrengo egunean.
Horrez gain, irratian espero dute epe motzean programazioa zabaltzea, Arrosa irratiko zerbitzailetik beste irrati batzuetako saioak hartuta, hala nola, Hala bedi, Zintzilik, Arrosak ekoiztutako saioak... Era berean, Molotoffek bere saioak beste irratien esku jartzeko aukera izango du.
Irratitik nabarmendu nahi izan dute programazioa ez dagoela itxita, eta inork saiorik egin nahi badu, irratiarekin harremanetan jartzea besterik ez duela molotoff@euskalnet.net helbidean, edo irratiko egoitzara (Sagastialde, 16) joanda, asteazkenetan 20:00etan, asteroko bilerara.
Hainbat ekimen ere bai
Saioez gain, hainbat ekimen antolatzen ditu Molotoffek.
Gabonetan mariskada zozketatzen dute eta urtean zehar saiatzen dira jaialdiak antolatzen, baina, diotenez, ez da lan erraza. `Azken hiru festak Andoaingo gaztetxean egin behar izan ditugu, Hernanin ez baitago leku aproposik festa bat antolatzeko`. Azken jaialdia urriaren 7an izan zen eta bertan The Zepo, Morau, DJak eta abar izan ziren.
2007an irratiak 20 urte beteko dituela-eta, festaren bat antolatzeko asmoa dute.
Denboraldi honetan 20 urte
2007 urtean 20 urte beteko ditu Molotoff irratiak. 1987an sortu zuen gazte talde batek Hernaniko irrati librea. Urte guzti hauetan ez du galdu izaera asanblearioa, `irratia erabat militantea da eta herritarrei irekia egon da beti` dio kide batek.
Irratiko beteranoenek gogoratzen dutenez, `garai hartan eztanda bat izan zen gazte mugimenduei dagokionez eta gaztetxe eta irrati libre asko jaio ziren`. Gutxi izan dira, hala ere, gaur arte antenan iraun dutenak, `Gasteizko Hala Bedi eta Iruñeako Eguzki irratiarekin zaharrenetakoak gara Euskal Herrian`.
Molotoff Irratiak Udal eraikin batean eman zituen lehenengo pausuak eta gerora lokalez aldatu egin zen Udalarekin eztabaidak izan ondoren: ´Rekondo Alkate zela, ezinezko baldintza batzuk jarri zizkigun. Manifestazioa egin genuen eta ondorengo bileran Alkateak lokala hustutzeko epea jarri zigun`. Orduan bukatu zen irratia eta Udalaren arteko harremana.
Lokal aldaketan herriko jende askok erakutsi zion irratiari elkartasuna: ´herriaren laguntza gabe ez ginateke gaur garena izango` diote. Egun mantentzen da elkartasuna, irratiak 100 bazkidetik gora baititu.