«Musikak ez du jende adituaz ulertzen, guk musika maite dugulako jotzen dugu»

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 13a, 01:00

MAITE Larburu biolinjole hernaniarrak kontzertua emango du gaur Alea Ensenble taldearekin. Antzinako musikan barrena ibilbidea egiteko aukera emango digu laukoteak, arratsaldeko 20:00etan, Biterin.

Zein musika mota lantzen duzue Alea Ensenble taldean? Ze musika entzun ahal izango da gaurko kontzertuan?

Antzinako musika, hau da, 16, 17 eta 18garren mendeetakoa. Gaurko kontzertuan mende horietan barrena ibilalditxo bat egiteko aukera ematen duen errepertorioa eskainiko dugu.

Zein interes du zurentzat musika barrokoak?

Amsterdameko kontserbatorioan Masterra egiten ari naiz, eta nire tesiaren gaia Antzinako Musika da. Esan genezake, momentu honetan hori dela aztertzen ari naizen gaia. Uste dut gaur egungo musika ulertzeko oso garrantzizkoa dela musikaren jatorria eta garapena ongi ezagutzea. Orainaldia ulertzeko lehen aldiari begiratzea beharrezkoa iruditzen zait.

Kontzertua musikan adituak direnek ala edozeinek entzuteko modukoa izango da?

Musikak ez du jende aditu edo ez adituez ulertzen. Guk musika maite dugulako egiten dugu bereziki, ez adituak garelako. Entzuleei ere horixe esango nieke, musika maite badute, etor daitezela maitasun hori gurekin konpartitzera.

Zuk biolin barrokoa joko duzu, zein diferentzia du ohiko biolinarekiko?

Nahiko gauza teknikoak dira bi biolinak ezberdintzen dituztenak. Alde batetik, sokak, abere tripaz egindakoak, bestetik, gaur egungo biolinistek erabiltzen dituzten zenbait gauza ez ditu: kokotza ezartzeko mentonera, sorbaldarako almohadilla... Horrek jotzeko modua aldatzen du, soinua ere bai. Esan dezagun antzinako instrumentuak jotzen ditugunok, gaur egungo instrumentuen aiton-amona izan zirenak erabiltzen ditugula. Sortu zen lehenengo autoa eta gaur egungoak konparatuko bagenitu bezala da, gutxi gorabehera. Taldea emanaldi ugari ematen ari da Holandan eta sariren bat ere lortu duzue.

Harrera ona lortu duzue ezta?

Egia esan oso pozik gaude, elkarrekin gustora aritzen garelako hasi ginen jotzen, eta joan zen urrian Van Wassenaer nazioarteko ganbara musika lehiaketan parte hartu eta finalista izan ginen, entzulegoaren bigarren talde gustokoena izatera iritsita. Urte bete besterik ez daramagu elkarrekin jotzen eta asko dela iruditzen zait.

Mota honetako musika entzuten ohituago al daude Europako alde hartan hemen baino?

Bai, dudarik gabe. Baina Euskal Herrian zein Espainian gero eta era honetako kontzertu gehiago daude eta oso harrera onarekin gainera. Aurretik egindako elkarrizketa batean esan zenuen Hernanin jotzeak errespetu haundia ematen zizula.

Gogorra al da norbere herrian jotzea?

Ez, gogorra ez. Oso emotiboa, lagunak, familia, betidanik ezagutzen zaituen jendea etortzen da zu ikustera eta horrek sekulako ilusioa egiten du...guztia eman nahi izaten da, jende guzti hori asko maite duzulako.

Euskal Herrian beste kontzerturen bat emango al duzu?

Bihar, Donostiako Okendo kultur etxean joko dugu.

Alea Ensenble taldeaz gain ba al zabiltza beste ezertan?

Orain masterra bukatzeko zorian nago, tesia amaitzea falta zait. Ekainean bukatuko ditut ikasketak, espero dut. Amsterdamen bizi naiz, Holandako talde ezberdinekin jotzen dut biolin barrokoa zein modernoa. Talde batzuen kontzertinoa naiz, Orkest van de Domcantorij, Sweelinck Barok Orkest... Ganbara musika ere lantzen dut, Alemania, Belgika eta Holandan, Alea Ensenble zein beste taldeekin joaz. Euskal Herriko zein Espainiako taldeekin ere kolaboratzen dut. Martxoan eta apirilean Kataluniako Orkestra Barrokoko kontzertino izateko deitu didate. Biolin irakaslea ere banaiz, Amsterdamen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!