Diputazioak atzera bota du Agustinetan hotelaren ordez etxeak egiteko erabakia

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 13a, 01:00

Diputatuen Kontseiluak, azaroaren 28ko batzarrean, Udalak Arau Subsidiarioetan egindako aldaketa atzeratu bota du. Aldaketaren bidez hotelaren ordez etxeak egitea proposatzen zen.

Diputazioak ez du onartu Hernaniko Udalak Arau Subsidiarioetan egindako aldaketa puntual bat, Agustinetan hotelaren ordez 16 etxebizitza egitea ahalbideratzen zuena. Diputatuen Kontseiluak 2006ko azaroaren 28ko batzarrean erabaki zuen aldaketa hori atzera botatzea, eta Gipuzkoako Boletin Ofizialean agertzen da, abenduaren 5eko zenbakian.

´Ez da espazio libreak haunditzea aurrikusten`

Boletinak azaltzen du Foru Aldundiak dokumentuaren edukiak aztertu ondoren erabaki duela ´ez dela bidezkoa behin betiko onartzea: alde batetik, proposamenak jasotzen du etxebizitza erabilpena 2.000 m2 haunditzea eta ez da inolako aurreikuspenik egiten espazio libreak haunditzeko, indarrean dagoen hirigintza legediak eskatzen duen bezala; eta bestalde, espazio libre bezala kalifikatutako egungo dotazioa gutxitu egiten duelako zati batean`. Horrekin batera, Diputazioak azaltzen du erabakia behin betikoa dela eta erabaki honekin administrazio bidea bukatzen dela.

´Dokumentuak ez du jasotzen aldaketa`

Diputazioak azaldu du baita ere ekainaren 2an bidali zuela Udalak Agustinetako aldaketa jasotzen zuen fitxa. Irailean Udalak Diputaziora Arau Subsidiarioen dokumentu osoa bidali zuen, behin betiko onartzeko, eta dio ez dela Agustinetako aldaketa horren berri agertzen arauetan.

Iñaki Arratibel: ´Fitxan zuzenketak egingo ditugu` I

ñaki Arratibel, Hirigintza Zinegotziak azaldu du, harrituta daudela Diputazioak hartutako erabakiarekin, ´akatsak daudenean, normalean, ez dituelako erabakiak hartzen akatsak zuzendu arte`. Zinegotziak azaldu du, Diputazioari eskatuko diotela bere erabakia atzera botatzeko. Horrez gain, fitxak zuzenduko dituztela azaldu du.

BH: «Udal Gobernuak teknikoki duen gaitasun eza eta ikuspegi espekulatzailea agerian geratu da»

Bildu Hernanik Diputazioaren erabakiaren balorazioa egin du. BHren iritzira, udalak etxeak egiteko erabakia hartu zuenean, ´udalerriko turismo eta merkataritza garapenerako aukerak alde batera utzi eta udaletxeko diru kutxak betetzea`erabaki zuen. Erabakia ´legeztatu nahian` Udalak Arau Subsidiarioen aldaketa bat tramitatu zuela ere aipatu du. Honen aurrean, BHk bere garaian bi alegazio aurkeztu zituela eta alegazio horiek atzera bota zirela azaldu du. Diputazioaren erabakiarekin udala ´lotsagarri`geratu dela dio eta beste behin ´teknikoki duen gaitasun eza eta hirigintzaz duen ikuspegi espekulatzailea agerian geratu` dela uste du. BH pozik agertu da erabakiaren aurrean, bi arrazoirengatik: ´batetik, ateak irekita uzten dituelako hotela eraikitzeko aukerari, honek turismo eta merkataritza garapenean izan lezakeen garrantziarekin; eta bestetik, BHren argudioak kontutan hartu dituelako eta bakoitza bere lekuan jartzen duelako`. Plataformak ohartarazi du Agustinatakoa Arau Subsidiarioen berrikuspenarekin udalak izan dezakeen porrotaren abisua izan daitekeela, ´galdutako legegintzaldia izango da, milaka euro gastatu ondoren,` gehitu du. Bildu Hernani plataformak eskatu du arauak bertan behera utzi eta berridazteko, prozesu demokratiko eta parte hartzaile baten ondoren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!