Naziotasun Eskubidearen eguna aldarrikatzeko, ekitaldiak antolatu ditu Udalbiltzak datorren larunbaterako

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 11a, 01:00

EHNA tramitatzeko aukera izango da goizean eta jarraian ekitaldi nagusia izango da festa txiki batek girotuta.

Naziotasun Eskubidearen eguna da datorren larunbatean, eta ezker abertzaleko Udalbiltzak ekitaldia antolatu du Hernanin, egun hori aldarrikatzeko. Goizean, EHNA tramitatzeko aukera izango da BHren lokalean, eta horrez gain, Europara bidaltzeko eskakizun ofizialak ere beteko dira bertan. Ondorenean dultzaineroek alaituko dute herria eta jarraian izango da ekitaldi nagusia, festa giroan. Udalbiltzak herritarrei dei egin die parte hartzera EHNA tramitatu eta Europarako eskakizunak betetzen. ´Nazio izateko eskubidea aldarrikatzeko eta nazioarteko oihartzuna lortzeko` antolatzen du egun hau Udalbiltzak ´eta Euskal Herria nazioa dela onartu arte jarraituko du Naziotasun Eskubidearen eguna antolatzen`.

Euskal Herritar izatea Udalbiltzako Hernaniko hautetsien izenean bidalitako oharrak honela dio: ´Egunero euskal herritar izatea ukatzen zaigun gisan egunero erabili eta islatu dezakegu gure eskubidea, oraingoz EHNAren bidez, horretarako dugun tresna bakarretakoa izanik. EHNA txartela baino gehiago da, naziotasun inposatu bati aurre egiteko gure eskubidearen erabilera praktikoa da. Baina ez da nahikoa, euskal herritarrok aitortzeaz gain, gainerako herriak gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea ere aitortu behar dute eta horretarako Udalbiltzak beste ekimen bat jarri zuen iaz martxan, Europara eskakizun ofiziala, bi estatuen inposizioa salatzeaz gain, gure naziotasuna aitortu eta egin beharrekoak egiteko eskatzen diona Nazio Batuen Erakundeari (...). Udalbiltzak nabarmendu nahi luke zer nolako garrantzia duen une honetan nork bere naziotasunerako eskubidea aldarrikatzeak, abian den prozesuari ekarpenak egiteaz gain, berau bultzatzeko moduan baita herritar oro hartara`.

 

Egitaraua

  • 11:00-13:00. EHNA tramitatzea eta Europarako eskakizun ofiziala betetzea. BHren lokalean.
  • 12:00. Dultzaineroak herrian barrena ibiliko dira.
  • 13:00. Udalbiltzak antolatutako ekitaldia: adierazpen instituzionala, bertsolariak, dantzariak eta jai txiki bat izango dira sagardo eta pintxoz lagunduta. Kardaberaz kalean BHren lokal aurrean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!