Web 2.0 kontzeptua

Kronika - Erredakzioa 2006ko abenduaren 10a

denen ahotan dabil azken aldian Web 2.0 kontzeptua eta blogak izaten ari diren arrakastak badu horretan zerikusirik. Internet aro berri batean sartu dela diote adituek. Zergatik 2.0? Informatika munduan programen bertsioak adierazteko erabiltzen dira atzean jarritako zenbakiak. Lehendabiziko bertsioak adibidez, 1.0 zenbakia jasotzen du eta hortik aurrera egiten zaizkion hobekuntzetan aldatu egiten dira zifrak (1.1, 1.2... etab.). Izatez, Tim O’Reilly irlandarrak erabili zuen lehen aldiz Web 2.0 kontzeptua, joan den urtean. O’Reillyren ustez, Internet sortu zenetik gaur egun arte, aldaketa nabarmenak izan ditu. Informazio iturri hutsa izatetik parte-hartzea eta komunikazioa bultzatzen duen tresna izaterainoko bidea egin du eta horregatik atzeko zenbaki berriak behar dituzte web berriek. 2.0 web guneen ekarpenak Lehen web gune bat kudeatzeko ezagutza teknikoa behar-beharrezkoa zen. Blogak bezalako tresnekin ordea, ordenagailuari oinarrizko erabilera ematen dion edozein pertsonak sortu eta zabaldu ditzake gustuko dituen edukiak. Web gune berriek edukiak berritzeko erraztasun haundiak eskaintzen dituzte eta komunikazio horizontala bultzatzen dute. Elkarrizketa sustatzen duen teknologia da belaunaldi berriko Internetaren ezaugarri nagusia. Blogez gain wikiak (edonork aldatu ditzakeen web guneak) edo P2P sareak (musika elkartrukatzeko oso erabiliak) dira horren adierazle nagusiak. 2.0 Euskal Herrian 2006ko irailean, Donostiako Artelekun, Euskal Herrian Web 2.0 fenomenoak eskaini ditzakeen aukera eta arriskuez eztabaidatzeko jardunaldiak antolatu zituzten. Euskal Herria 2.0 izeneko eztabaida-saioetan parte-hartze zabala izan zen eta Interneten euskarazko komunikazioak dituen ordezkari nagusiak bildu zituen. Ez zen hala ere, mota horretako lehen bilkura izan: lehenago ere, lagunarteko giroan Blogs&Beers (Blogak eta Garagardoak) izeneko topaketa dezente egindakoak ziren euskal blogariak
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!