Geroz eta errazagoa da Interneten norberak bere orrialdea sortzea. Blogak sortzeko plataforma euskaldunak ere martxan daude aspaldi samarretik.
Goiena eta Eibarreko komunitateak izan ziren euskarazko blogak sareratzen lehendabizikoak. Hala ere, orain dela urtebete pasatxo, www.blogari.net sortzeak ekarri zuen fenomeno honen zabalkunde haundiena. Geroztik, ehunka pertsona dira egunero Internet euskarazo edukiez betetzen duten erabiltzaileak.
Internet erabiltzen duenari e-posta kontu bat sortzea bezain erraza egingo zaio bere bloga egitea. Lehen aipatutako www.blogari.net guneaz gain, www.blogak.com edo www.mundua.com plataformek ere eskaintzen dute aukera hori, zentimo bakarra ordaindu gabe. Izena eman eta erabiltzaileari pausoz-pauso azaltzen zaio bere testuak plazaratzeko egin beharreko bidea.
Web gunearen diseinua lantzen denbora gehiago pasa nahi duenak berriz, Wordpress programa erabili dezake. Debalde deskargatu daiteke eta erabat euskaratua dago. Blogaren itxura nahi erara aldatzeko aukera ematen du eta aurretik egindako plantila asko ere eskaintzen ditu www.wordpress.org guneak. Hori bai, lehen aipatutako plataformekin alderatuta, lan gehiago eskatzen du Wordpressek.
Euskaratu gabeko web guneetan berriz, erabiliena www.blogger.com da. Google bilatzaileak kaleratutako plataforma horren abantaila nagusia erabiltzeko duen erraztasuna da. Alde txarren artean, nabarmenena blog guztiek oso antzeko itxura izaten dutela. Gainera, erabiltzeko urrats guztiak gaztelaniaz daude.
Eta bloga sortuta, zer?
Nork bere txokoa sortu duenean hasten da zailena. Blogari ´jaten` eman behar zaio, hilko ez bada. Sarritan dinamismo haundiarekin hasitako guneak gelditu egiten dira bat-batean, egileak jarraipen gutxi egin diolako. Beste kasu batzuetan ordea, urteetan jarraitu dezake, sarritan betiko komunikabideek baino lan txukunagoa eginez.
Beteranoenak
Dudarik gabe www.sustatu.com da, euskarazko blogez ari bagara behintzat, jarraipen haundiena izan duen bloga. Aurten bost urte bete ditu Sustatuk eta zenbait albiste irrati eta telebista kate garrantzitsu askok baino lehen kaleratu dituela harro esan dezake.
Teknologia berriak, ekonomia, kultura, gizartea eta euskalgintzaren inguruko informazio eta eztabaida sortzen lagundu du blog horrek, baita gaurkotasunezko gaien jarraipen zabala egiten ere. Gainera, euskarazko Internet erabiltzaileen bilgune modura ere funtzionatzen du, sortzen diren proiektu berriek beti izaten baitute lekua atari horretan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!