Hernanik komunikatzaile haundiak eman ditu urteen joan etorrian, Agustin Kardaberaz edo Txirrita dira horren erakusle. Garai batean, herriak bizi zituen gora beheretaz luze eta zabal hitz egin zuten idatziz eta bertsoz Hernaniko bi jeinu haundi horiek. Aurreko mendeetako kontuak dira horiek ordea. Baina, nola ari dira 2.000. urtetik aurrerako hernaniarrak munduari hizketan? Internetetik buelta bat ematea besterik ez dago gure bizilagunak teknologia berriekin ze ondo moldatzen diren ikusteko.
Blogak, Interneteko iraultza berria
Blog bat Interneten norberak modu errazean sortu dezakeen gunea da. Behin sarean gure txokoa eginda, errazena argazkiak eta testuak sartzen ikastea da, baina pixka bat arituta bideoak eta soinua sartzea ere denen eskura dago. Blogek badituzte beste orrialdeetatik bereizten dituzten ezaugarri batzuk. Egitura aldetik zutabe baten modukoak dira eta bertan idazten den azken mezua da gunea irekitzean azaltzen den lehendabizikoa. Gainera, testu bakoitzari erantzuteko aukera dago. Horri esker, Interneten dabilen edozein pertsonak hasierako mezua idatzi duenarekin hitz egin dezake, testua osatu edo esandako zerbaiten inguruan eztabaidatu. Komunikazioa modu horizontalean egiteko aukera ematen du horrek, betiko komunikabideek ez bezala.
RSS jarioak
Gainera, blog gehienek RSS jarioa izaten dute. Horri esker, bere gustukoak diren blogak noiz berritu diren jakin dezake erabiltzaileak. Konparazio batera, aldizkari batera harpidetzea bezalakoa da: blog baten edukiak harpidetu eta mezu berri bat dagoen bakoitzean e-postan edo Interneten bereziki horretarako prestatutako guneetan abisua ematen zaio erabiltzaileari. Euskaraz www.alesti.org orrialdeak eskaintzen du aukera hori, nahiz eta erabiliena ingelesezko www.bloglines.com den gaur egun.
Onddoak bezala
Azken urteetan onddoak bezala atera dira euskarazko blogak Interneten. Bazirudien hala ere, hernaniarrak horretan atzera geratzen ari zirela. Ez da hala. Bilatzen jakin behar da. Hernaniko lehendabiziko blogari ezagunek idaztea afizio izateaz gain, ofizio ere badute. Mikel Peruarena eta Estitxu Eizagirrek adibidez, aspaldi samarretik dituzte beren blogak. Ereñotzuko idazleak bere gogoetak, narrazioak eta itzulpenak jarri ditu Itxoin pixka bat blogean (http://itxoin.mundua.com). Estitxu Eizagirrek berriz bertsolaritzaren inguruko Gari Alea bloga osatu du www.argia.com/blokak/garialea helbidean.
Blog kolektiboak eta fotologak
Bakarka ausartzen ez denak lagun artean ere osatu dezake bere gunea. Hori egin zuen Jon Iraola hernaniarrak beste lagun literaturzale batzuekin batera. Emaitza Metropolitan... izeneko orrialdean ikus daiteke (www.donostialdetik.blogspot.com). Narrazioak, poemak, argazki-collageak... denetarik egin dute Hernani eta inguruetako idazle gazte hauek. Unibertsitateko lagun batzuekin elkartuta osatu zuen Gorka Bereziartuak ere bere bloga. www.eremulauak.com helbidean kulturaren inguruko albisteak, kronikak eta eztabaidak izan dira azkeneko bi urteetan. Hala ere, fotolog edo argazkiz osaturiko blogak dira gaur egun hernaniar gehienek erabiltzen dituztenak. Fotolog.net webguneak eskaintzen du horrelako blogak sortzeko aukera eta hernaniarrek argazkiak ateratzeko duten afizioa garbi utzi dute. Argazkiak ordenagailura pasa eta handik igotzen dira sarera. Beste blogek bezala, argazkiaren inguruko komentarioak egiteko aukera eskaintzen zaie gainera bisitariei. Egileak zein diren jakitea zailagoa da, hala ere. Izan ere, blog munduan askotan gertatzen den moduan, askok nahiago dute beren izena jarri ordez nick edo ezizena erabiltzea. Bila eta bila ordea, www.fotolog.net gunean badira, wendy00, anpliadora, gaxigoxo, ikutza, biraka, ierbax, txantxo, doowna, dertxi, ttatto, miru 585, kasimala, aunamendi, txispas edo ando_raspa_ando izenekin beren argazkiak sarean jartzen dituzten hernaniarrak. Eta seguru beste asko ere badirela. Internet hain haundia izaki, zaila izaten da ordea denak aurkitzea. Hemen azaldu ez direnek barkatuko digute...