Zeberio eta Ionek ezustekoa eman eta 40-34 irabazi zuten atzo

Kronika - Erredakzioa 2006ko abenduaren 8a

Bi bitako Txapelketa nagusiko partidu ona ikusteko aukera izan zuten atzo Galarretara inguratu zirenek; ona eta borrokatua. Dirua Juaristi eta Lizasoren alde atera zen ehun hirurogeita hamarri, baina ezustekoa emanda Zeberio eta Ionek irabazi zuten 40 eta 34. Ion gazteak lehen partidua zuen maila honetako txapelketa batean eta ikusteko zegoen nola erantzungo zuen. Garaipenaren gakoetako bat atzelari gazteak jokatutako partidu serioak dauka, oso ondo eutsi baitzion presioari eta Lizaso eta Juaristiren ekinari. Hara ere, partidua Zeberiok hautsi zuen bukaeran. Markagailua 30-30 zela, berak gogor astindu zuen pelota eta azkenerako 20 tanto egitera iritsi zen Elduaingo pelotari haundia.

Gaur jaialdia
Txapelketako partidua bihar izango da Galarretan (Ezkurra-San Miguel/Juaristi-Lizaso), baina gaur ere bada jaialdia. 16:00etatik aurrera lau partidu jokatuko dira eta estelarrean Matxin III eta Eizagirre, Uterga eta Etxeberria IIIaren aurka ariko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!