Oroimenetik, esker onez

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 7a, 01:00

Amaitu dira Sandiusterrin errepresio frankistari buruzko proiekzioak. Hunkigarriak izan dira ikusi ditugun dokumentalak, hunkigarriak proiekzioen inguruan bizi izan ditugun istorioak. Hunkigarria izan da duela 70 urte hemen gertatu eta sufritu zena gogora ekartzea, irudikatzea, ikusentzutea, jakitea... Zikloak aurrera egin ahala konturatu gara oroitzearen helburua ez dela soilik gogoratze hutsa edo salaketa historikoa., egiazko justizia egitea baizik, duintasuna lapurtu nahi izan diotenari duintasun hori berreskuratzen laguntzea, alegia. Oso pozik gaude zikloak eman duenarekin, jendearen erantzunarekin. Guztira, 200 bat ikusle bildu dira astean zehar Sandiusterri aretoan. Pozik gelditu gara, baita ere, erakutsi diren ekoizpenen eta proiekzioen kalitate mailarekin. Oroimenaren proiekzioetatik proiekzioen oroimenera heldu gara orain, eta horrek indarra emango digu aurrerantzean ere oroimena proiektatzen jarraitzeko. Karbonera Gunetik gure esker ona helarazi nahi diogu Sandiusterriko proiekzio-ziklora etorri den jende guztiari. Esker on berezia, José Benito jauna, zure elkartasuna eskaintzera etortzeagatik eta eskaini izanagatik (astelehen goizean Karbonerara eta arratsaldean Sandiusterrira); eta esker on berezia, Marcial José Laskibar jauna, (Gernikako bonbardaketatik bizirik irten zen gizona), astearteko proiekzioa ikustera etortzeagatik eta zure lekukotza emateagatik. Eskerrik asko, Maritxu Goñi andrea, eta eskerrik asko, Joxe Mari apaiza, zure oroimenaren ateak zabaltzeagatik. Eskerrak Zezilio Beleñori ere. Mila esker emanaldietan parte hartu duzuen gonbidatuei (Joseba Tapia, Maialen Lujanbio, Urko Apaolaza, Marta, Fernando Mendiola, Itziar Beamont, Iñaki Alforja, Jon Zabaleta), oroimena berreskuratzen laguntzeagatik. Eta mila esker, Amal, Itziar, Gorka (eta Errapia taldea), zuen laguntzari esker lortu baitugu emanaldietan eskaini dugun soinuaren eta irudiaren kalitatea. Eskerrikasko nola edo hala laguntza eman duzuen guztioi. Xabier Ibarzabal eta Patxi Aizpurua Kabuki Karbonera Guneko kideak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!