PIO Baroja hil zela 50 urte betetzen dira aurten. Hori dela eta emanaldi berezia izango da datorren asteartean, Biterin, Aviraneta un conspirador guipuzcoano izenekoa. Emanaldia Eugenio Aviraneta pertsonaje historiko eta literarioari buruzkoa da eta antzerkia eta ikusentzunezko proiekzioa uztartzen ditu. Emanaldia Eusko Ikaskuntzak eta Hernaniko Udalak antolatu dute. Abenduaren 12an, arratsaldeko 20:00etan, Biterin. Eugenio Aviraneta Pio Barojaren osaba-aitona izan zen eta Madrilen jaio arren, Hernanin pasa zuen bere haurtzaroa. Horrez gain, Pio Barojak idatzitako 22 nobeletan agertzen da, Memorias de un hombre de accion abenturazko zikloa osatzen dutenak. Emanaldiaren gidoia, Eusko Ikaskuntzako kide eta kazetaria ere baden Juan Aguirrek osatu du. Paco Sagarzazu aktoreak antzeztuko du Eugenio Aviraneta pertsonajea.
´XIXgarren mendeko historia ironiaz`
Juan Agirrek azaldutakoaren arabera, XIXgarren mendeko politikagintzaz hitz egiten da emanaldian, ironia askorekin. ´XIXgarren mendean ez zegoen ez demokraziarik ezta hauteskunderik ere eta gobernu aldaketak konspirazio bidez egiten ziren. Eugenio Aviraneta liberala zen, elizaren eta karlisten aurkaria, eta konspirazio ugaritan hartu zuen parte; jendea erabili zuen bere helburu politikoak lortzeko`. Paco Sagarzazu aktoreak pertsonaje hau irudikatuko du eta garai hartan egin zituenak kontatuko ditu, Independentzia Gerratik hasi eta I Gerrate Karlistaraino. ´Bergarako Besarkada, neurri haundi batean, Aviranetak Karlismoaren barruan egindako konspirazioek egin zuten posible`dio Sagarzazuk.