Gezur bat behin eta berriz errepikatzeagatik ez da egi bihurtzen; agian norbaitek sinetsi egingo du, baina denboraren poderioz, gezurra dela frogatzen da. Horixe da Hernaniko PSE gizarte bonoarekin egiten ari dena. Posible da beraiei barne-barrutian etxez etxeko laguntza zerbitzua bonu sozialagatik aldatzea bururatu izana, izan ere badirudi oso aztertuta dituztela proposamenaren eragozpenak zein diren, baina nire aburuz horiek, bi zerbitzu ezberdin dira. 2007an Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua handitu egingo da laugarren urtez jarraian, eta gizarte bonua desagertu egingo da Dependentziaren Lege ezaguna espainiar Parlamentuan adosten denean, eta oso garrantzitsua, GOBERNU ZENTRALAK (PSOE) DIRUZ HORNITZEN DUENEAN. Badakit autonomi erkidegoek ere euren aldetik jarri behar dutela eta ez dut zalantzarik halaxe egingo dugula, baina baimena ematen badidazue, zalantza egiten dut PSOEk hori egitea. Dagoeneko esan dute 2007an 200.000 pertsonen beharrak asetzea aurreikusten dela eta 2015ean 1,5 milioirenak, hortaz, ez zaio egungo beharrak asetzeko adina dirurik emango. Hau Gobernu Zentralean dagoen PSOEk esaten du. Zer esan nahi didate Hernaniko PSEko ordezkariek? Hitz egin beti oso ongi egin izan dute, baina egin, gutxi. Eta esaten ari naizena frogatzeko pare bat datu: 1999an, PSEko Gizarte-ongizate Patronatuko Lehendakariak aurkeztu zituen azken aurrekontuetan 40 pertsonari ematen zitzaien etxez etxeko laguntza zerbitzua eta Hernanin 65 urtetik gorako 2.726 pertsona zeuden. 2006an, 145 pertsonari ematen zaio zerbitzua eta 65 urtetik gorako pertsonak berriz 2.670 dira. Ez dut uste beste ezer esan behar dudanik, soilik gure adinduei esan lasai egoteko, beraiengan eta gizarte laguntzak behar dituzten pertsona guztiengan pentsatzen jarraitzen dugulako.
Andoni Amonarraiz
Osasun eta Gizarte-ongizate
Patronatuko lehendakaria
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!