Datorren igandean eta hurrengoan jokatuko da txakur eta guztiko ehiza txapelketa, Epele-errekan eta Usoko-errekan. Faisana, galeperra eta oilagorra dira ehizatuko dituzten piezak eta 100, 102 eta 105 puntu balioko dute, hurrenez hurren. Izen emateko azken eguna gaur dute Txantxangorriko bazkideek, goizetik 11:30-12:30 eta arratsaldetik 19:00-20:00. Txapelketa bera, berriz, goizeko 09:00etan hasiko da eta parte hartzaileek 08:00etan egon beharko dute hasiera puntuan.
Epaileei ere deia
Ehiza txapelketan ehiztariak ez ezik epaileak ere behar izaten dira eta Txantxangorrik dei egin die prest dauden ´ehiztari edo ehiztari ez diren gazteei` lan horretan parte hartzeko. Epaile hauek itxiera afarira azaltzeko aukera izango lukete. Izan ere, ehiztari bakoitzak epailea eraman behar du proban, zaindari moduan.
Hogeitaka urte
Txantxangorriko ehiza txapelketa ez da atzo goizekoa, dagoeneko bide luzea egin du. Aurtengoa 28garren edizioa da eta aurreko edizioetan bezala, bazkide askok hartuko du parte seguruenera.
Gipuzkoako txapelduna
Modalitate honetako Gipuzkoako Txapeldun Iñaki Loiarte Txantxangorriko bazkidea gelditu da, azaroaren 11n jokatutako txapelketan. 2001, 2002 eta 2003an, irabazi zuen Txantxangorriko txapelketa eta aurten ere faboritoetan izango da.
Azken irabazleak
2005. Juan Mari Ugalde.
2004. Ibai Artola.
2003. Iñaki Loiarte.
2002. Iñaki Loiarte.
2001. Iñaki Loiarte.
2000. Juan Otaegi.
1999. Arkaitz Santa Kruz.