Berriak txartela erabiltzen dutenek Gabonetako enkarguak merkexeago egiteko aukera izango dute abenduan zehar. Urteroko moduan, %5eko beherapena izango dute txartelarekin ordainketa egiten dutenek, herriko 50 dendatan, urte bukaera arte. Beherapena aplikatuko duten dendek, kanpainaren berri ematen duen kartel gorria jarria daukate eskaparatean, erabiltzaileek erraz jakiteko modua izan dezaten.
Puntuak eskuratzeko aukera
Berriak ostalari eta merkatari elkarteak urtero egiten du beherapen kanpaina hau, baina urte guztian ere Berriak txartela erabiltzen dutenek izaten dute onurarik. Egindako enkarguengatik puntuak jasotzen dituzte erabiltzaileek, eta puntu horiekin zenbait produktu eskuratzeko aukera izaten dute urtean zehar. Alegia, travel txartel moduko bat da Berriak txartela, Hernani mailan erabiltzeko balio duena. Txartelik izan ez, eta egin nahi duenak ez dauka zaila. Elkarteko komertzioetan azalduko diote zein fitxa bete behar den.