PSE-EEk bono sozialaren aurkako botoa eman du ´kalitatearen bizkar kostuak merkatzeko helburua` ikusten duelako

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 5a, 01:00

Ongintza Patronatuko azken zuzendaritza bileran, Bono Soziala arautuko duen normatiba onartu zen. Bono sozial honen bidez, adinekoak zaintzeko zaintzaile bat kontratatzen duten familiei, laguntza emango zaie. PSE-EE alderdiak kontrako botoa eman zuen, eta ezezko horren zergatia azaldu du Kronikara bidalitako ohar batean. Honela dio: 1) ´Ongintza Patronatuko zuzendariak kostuak merkatzeko helburua du, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatearen bizkar. Zein onura ekonomiko ekar litzakeen bakarrik hartu da kontuan, zerbitzua jasoko dutenei sortuko zaien egoera kontuan hartu gabe`. 2) ´Herritar klaseak sortzen dira. Patronatuak kontrolatutako etxez-etxeko laguntza jasotzen dutenak batetik, eta dezentez diru gutxiagorekin jendea kontratatu beharko dutenak bestetik, formazio nahikorik ez duen jendea, eta gaixotzean edo oporretan hauen ordezkapenak ere ordaindu beharko dituzte`. 3) ´Diru publikoarekin ekonomia ondoratu bat bultzatzeko arriskua dago, sistema honekin, asteko 3 ordu subentzionatzen baitira gehienez eta kasu gehienetan gutxienez astean 5 orduko zerbitzua behar baitute. Patronatuak 3 ordu horien jarraipena egingo du, baina gainerakoak nork kontrolatzen ditu?` 4) ´Patronatuak kalkulatu du orduko 8 euroko diru laguntza izango dela, eta bakoitzak bere kontu negoziatu beharko duela zerbitzuaren prezioa, eta horrek ekonomiarik txikienei egingo die kalte`.

Langileak heztea
PSE-EEk uste du administrazioak bere erantzukizunik hartu ez, eta erantzukizuna herritarren esku uzten duela erabaki honekin. Horrez gain, udalak langile berriak formatu beharko lituzkeela ere uste dute sozialistek eta Diputazioak gaur eguneko beharretara egokitutako ordu kopurua berritu beharko lukeela. Udal alderdiak dio Patronatuko lehendakariak adinekoaren eta familien esku uzten duela arazoa ´bera desentendituta`. Hala ere, datu positibo moduan, arazoa Dependentzia Legeak konponduko duela uste dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!