Harrera beroa, azken urteetako beroena, egin zioten hernaniarrek atzo Artisau Azokari. Azoka lekuz aldatzea erabaki eta Atsegindegira joan dira aurten azoka egitera, eta estalpea eskertu egin dute bai jendeak eta bai artisauek. 25 artisau lanean ikusteko aukera izan zen atzo, bakoitza bere obra txikia egiten, eta asko izan ziren opari batekin etxera joan zirenak ere. Hori bai, erosi aurretik ondo miatu zituen baztarrak jendeak, eta postuz postu ibili ziren, alde batetik bestera, errenkan zeuden artisten lanak ikusiz. Tartean ziren Hernaniko Kulunka dendako marketeria lanak, Anastasia Leundaren ezkur eta artile lanak, Colore dendako beira lanak, Maider Kalonjeren egur tailak eta Paco Murianaren makilak. Gusto guztietarako aukera, beraz.
150 haur eskulanetan
Artisau txikiak ere gogotik aritu ziren lanean atzo. Goizean bakarrik, 150 haur pasa ziren haurrentzako tailerretik eta lanerako amorratzen zeudenez material gehiago ekartzen ibili ziren antolatzaileak. Karlos Irazuren egur demostrazioak eta janari postuek ere jendetza izan zuten bueltan.