‘Euskal Herrian Barrena’: Euskal Herria ezagutzeko txangoak gazteentzat

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 3a, 01:00

Larramendi Kultur Bazkunak antolatu du ekimena, 18 eta 30 urte arteko gazteentzat. Izen ematea abenduaren 21ean bukatzen da.

larramendi Kultur Bazkunak gazteei zuzendutako Euskal Herrian Barrena ekimena antolatu du; Euskal Herria bertatik bertara ezagutzeko aukera izateko irteerak antolatu ditu, 18 eta 30 urte arteko gazteentzat. ´Iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera, gure lurra ikusi eta gozatzeaz gain, bere historia, egituraketa eta bizibidea ere ezagutu eta ulertu ahalko duzu; benetako Euskal Herria zein den egiaztatu` azaldu du Bazkunak. Guztira zortzi irteera antolatu dituzte, datorren urteko otsailetik hasi eta iraila bitartean eta bakoitzean Euskal Herriko txoko ezberdin bat ezagutzeko aukera izango da. Irteerak asteburu pasakoak izango dira, larunbat goizean atera eta igande ilunabarrean egingo dute etxerako buelta.

Izen ematea

Ekimena Aduna, Andoain, Asteasu, Larraul eta Zizurkilen erroldatutako 18 eta 30 urteko gazteentzat antolatu dute, baina jakinarazi dute eskualde horretako gazteen eskaerak bete ondoren lekurik balego, Buruntzaldeko eta beste eskualdeetako gazteen eskariak ere jasoko dituztela. Aukeraketan lehentasuna izango dute baita ere egitarau osoa egiteko izena ematen duten gazteek. Hala ere, txango bakarra egiteko aukera ere izango da. Irteera bakoitza 50 euro kostako zaio gazteari eta prezio horren barruan sartzen da: bidaia, ostatua, egitaraua betetzeko gastuak eta aseguru poliza. Izena ematea Andoainen egin daiteke, Dr. Huizi kaleko 15garren zenbakian, Larramendi Bazkunako egoitzan. Goizeko 09:00etatik 14:00etara joan behar da. Izena emateko epea 2006ko abenduaren 21ean bukatzen da.

Egitaraua

Otsailak 24 eta 25. GIPUZKOA. Txingudiko badia, Irun, Hendaia eta Hondarribia. Arrantza, lantegiak eta zerbitzuak.

Martxoak 24 eta 25. ARABA. Arabar Errioxa, Laguardia-Biasteri, Iruña-Veleia eta Gasteiz. Ardangintza eta hiri garapena.

Apirilak 21 eta 22. BIZKAIA. Urdaibaiko itsasadarra, Gernika, Bermeo eta Gaztelugatxe. Nekazaritza eta arrantza.

Maiatzak 19 eta 20. NAFARROA MENDEBALDEA. Lizarrako lurraldea, Iratxe, Eunate eta Aralar. Santiago bidea, nekazaritza eta abeltzantza.

Ekainak 30 eta uztailak 1. NAFARROA GARAIA eta BEHE NAFARROA. Orreagako ingurua. Irati, Orbaitzeta, Donibane Garazi eta Isturitz. Basogintza.

Uztailak 21 eta 22. LAPURDI. Barnekaldea eta kostaldea. Sara, Larrun, Donibane Lohitzune eta Baiona. Abeltzantza eta zerbitzuak.

Abuztuak 25 eta 26. NAFARROA ERRONKARI/ZUBEROA: Pirinio ingurua. Kakueta eta Holtzarteko arroilak, Belagua, Atharratze eta Maule.

Irailak 22 eta 23. NAFARROAKO HEGOEKIALDEA: Zangotzako, Herriberako eta Tuterako merindadeetako altxorrak. Bardeak, Herriberri (Olite), Xabier eta Leire. Migrazioa eta despopulazioa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!