‘Jolas eta Solas’ ekimenean 450 haur ari dira parte hartzen ikasturte honetan

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 3a, 01:00

Haurrek gelatik kanpo euskeraz hitz egiteko ekimena martxan da Hernaniko Inmaculada, Urumea eta Elizatxo ikastetxeetan, Dobera Euskara Elkarteak bultzata. Jolasgaraian jolasak dinamizatzen dituzten begiraleak jartzen ditu Doberak, eta 5 urtetik 11 urte bitarteko umeekin aritzen dira jolasean, euskeraz. ‘Jolas eta Solas’ izeneko ekimena 2002tik ari da martxan.

Ikasturte honetan 450 haurrek hartuko dute parte dobera Euskara Elkarteak martxan jarritako Jolas eta Solas ekimenean. Parte hartzen ari diren haur kopurua gorantz dijoa, ekimenak izan duen harrera onaren seinale. Ikastetxeek ekimena eskatu egiten dute beren haurrentzat. Jolas eta Solas ekimenean, jolasgaraiak dinamizatzen ditu begirale batek, haurrek haien artean euskeraz hitz egiteko helburuarekin. Klase bakoitzak 15ean behin izaten du saioa. Ekimenean Inmaculada ikastetxea eta Urumea eta Elizatxo ikastola ari dira parte hartzen. Ekimena aurrera eramateko 3 begirale ari dira lanean.

Euskeraren erabilerak ez luke ikastetxe barrura mugatu behar

Ekimen honen helburua da euskeraren erabilera sustatzea ikasleen artean. Klaseetaz kanpo euskeraz hitz egiteko aukera ez duten haurrei ere euskeraz aritzeko aukera eman nahi zaie. Izan ere, urteen poderioz ikusi da ikasleak D ereduan matrikulatu arren, ez dela ziurtatzen haien artean euskeraz hitz egingo dutenik. Ekimen honekin ikasleen arteko hizkuntz ohituretan eragin nahi dute, modu dinamikoan eta dibertigarrian.

Euskeraz hitz egin, jolasean

Umeak gustora aritzen dira begiraleak dinamizatutako jokuetan jolasean. Jolas eta Solas egitasmoan, Haur Hezkuntzako 3garren mailatik Lehen Hezkuntzako bosgarren mailara arteko haurrek hartzen dute parte. Adin horretan urte batetik besterako saltoa haundia izan liteke, eta hori dela eta, adin eta ikasle bakoitzari egokitutako jolasak prestatzen ditu dinamizatzaileak. Helburua haurrak gustora aritzea da. Azken finean ekimenak bilatzen duena da euskera ikastolatik kanpo, jolasteko eta ondo pasatzeko ere erabili daitekeela ikustaraztea. Alegia, euskara ikastetxe barruan erabiltzeaz gain, eskolatik kanpo eta aisialdirako ere erabili litekeela erakustea.

Beste egitasmoak

Jolas eta Solas ekimenaz gain, Dobera Euskara Elkarteak baditu beste egitasmo batzuk ikasleei zuzenduak. Batetik, Hala Bazan egitasmoa dago. Ikasleek ipuin laburrak idazten dituzte eta Doberak bere web orrian publikatzen ditu. Ikasle etorkinentzat Hamaika Batuaz egitasmoa ere jarri du martxan. Astean bitan euskara klase bat izaten dute, eguneroko bizitzan euskeraz moldatzen hasteko, modu praktikoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!