Abenduak 3 Euskararen eguna, gaurkoan berriz ere agintarien diskurtso polit eta lasaigarrien aurrean beste iruzur bat salatu beharrean aurkitzen gara. Datozen abenduak 6, 7 eta 8an Osakidetzaren lan deialdian, berriro ere, hizkuntzaren normalizazioan beste atzerapauso bat emango da. Deialdian lanpostuen % 20ri bakarrik eskatuko zaio euskara jakitea, lau langiletik hiruk ez dute oraindik euskara jakingo Osakidetzan. Gaur egun, 2006ko datuen arabera, % 25ek du egiaztatua dagokion euskara ezagutza. Orain 4000tik gora diren lan postu berrietan, % 20 besterik ez da eskatzen. Beraz, langile euskaldunen kopuruak ez du igoerarik izango. Osakidetzaren euskalduntzean aurrera egiteko lan deialdi honetan lan postuen % 100ean eskatu beharko litzateke euskara, honela Osakidetzan hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurri eraginkorragoak hartuko lirateke. Lau langiletatik hiruk ezin badute euskarazko zerbitzua eman herritarrak ez du aukerarik izango zerbitzua euskaraz jasotzeko, Osakidetzak herritarrei zerbitzua euskaraz emateko dituen ezintasunak berriz ere agerian geratu eta mantenduko dira. Adibidez larrialdietako medikuak euskaraz ez badaki, ume euskaldun baten larrialdiari aurre egiteko ezintasun nabaria izango du, komunikatzeko ezintasuna. Administrazioak abian jarritako Elebide zerbitzuak honen aurrean zer egingo du? Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko ezinbestekoa da Osakidetzan gertatzen diren urraketei aurre egitea. Zer egingo du Elebidek herritarren hizkuntza-eskubideen urraketak ahalbidetuko dituen lan deialdi honen aurrean? Herritarren kexen edota eskubideen urraketen zain egon behar al du legeak aitortzen duena betearazteko? Egoera honi amaiera eman eta hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen neurri eta hizkuntza politika eraginkorrak jarri behar dira martxan, egunen batean zer salatu baino zer ospatu izan dezagun.
Imanol Beroitz Insausti Euskal Herrian Euskarazeko kidea