Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat artisau Hernaniko Atsegindegi plazan elkartuko dira gaur, Pablo Lasa artisau azokaren 27garren edizioan. GABILTZA Gipuzkoako Artisau Elkarteak antolatzen du ekitaldia zazpigarren urtez, Udaletxearen, Orona enpresaren, tabernarien eta errugbi elkartearen laguntzarekin, eta aurten Atsegindegin egitea erabaki dute, iaz plazan eguraldi txarrarekin izandako arazoengatik.
Aurten 25 postu
Aurten 25 izango dira postua izango duten artisauak, horietatik 5 hernaniarrak. Horrez gain, 10 postu izango dira Segurako taloak, pasta biologikoak, eztia, ogia, txokolatea, gazta, opilak eta elikagai gehiagorekin. Guztiak prest izango dira goizeko 11:00etarako, eta eguerdian 14:30ak arte izango dira irekita. Arratsaldean 17:00etan irekiko dute berriz, 20:00ak arte. Artisau azokan egileak lanean aritu ohi dira beren postuetan eta bisitariak aukera izaten du ikusteko salgai dauden produktuak nola sortu diren. Giroa alaitzeko asmoarekin, Agirretxe anaiak dultzaina jotzen izango dira egun osoan zehar eta Hernaniko musika eskolako trikitilariak ere izango dira goizean.
Egurraren transformazioa
Azokan izango da bisitarien arreta bereganatuko duen ekitaldi berezi bat. Karlos Irazu larrauldarrak, urkia edo gaztainarekin, karakol erraldoi batzuk egiteko asmoa du. Hasieran motozerrarekin gastatuko du egurra eta gero rotaflexarekin emango dio forma. Goizean pare bat ordu eta arratsaldez beste hainbeste emango ditu lanean. Bestalde, Irazu Betiarteko postuan izango da eta bertan altzari rustikoak eta egurrezko irudi txikiak (karakolak, onddoak, piperrak) izango ditu.
Haurrentzako eskulan tailerra
Atsegindegin haurrentzako tailerra ere izango da. Bertan, haurrak dibertitzeko aukera izango dute eskulanak eginez. Antolatzaileak jakinarazi dutenez kartulinazko zestoak egiten ariko dira. Parte hartzeko bertara azaltzea nahikoa da.
Hernanitik bost artisau
Gaurko Artisau Azokan Hernanitik bost artisau izango dira beren lanak erakusten. Anastasia Leundak ezkurrarekin eta artilearekin egindako lanak aurkeztuko ditu; Paco Murianak egurrezko makilak; Jaime Septienek beiraz egindako produktuak; Maider Kalonjek egurra tailatuta egindakoak eta Kulunka dendako Nerea eta Itziarrek marketeria lanak. Anastasia Leundak artilea eta ezkurra Anastasia Leundak egokitutako mahaia bi zatitan banatuko du, artilearekin eta ezkurrarekin egindako lanak bereizteko, ´2 mahai eskatu ditut baina bakarra utzi didate` adierazi du. Leundak 10 urte daramazki artilea lantzen eta igandean soineko bat, mangarik gabeko jertsea eta barruko arropa izango du erakusgai, esaterako, gantzontziloak, artzainentzako galtzerdiak eta baita tangak ere, ´zer ziren ere ez nekien, baina bat edo beste egin dut azkenaldian`. Ezkurra lantzen urte terdi inguru darama, ´pentsutarako balio ez duena hartzen dut`, eta lepokoak eta belarritakoak egiten ditu, batez ere. Paco Murianak makilak Paco Muriana duela 10-12 urte hasi zen egurrezko makilak egiten, ´nik denbora-pasa bezala egiten nituen, baina azoketara joaten hasi nintzen nire aitaginarrebakidea, Laureano Paniagua zestoegile urnietarra, autoan eramateagatik`. Dioenez, ez du askorik saltzen, ´joan den igandean Ormaiztegin pare bat makil besterik ez, baina giroa ederra izaten da`. Maider Kalonjek egurra lantzen du Maider Kalonje hirugarren urtez izango da Azokan, ´saiatzen naiz ahal dudan azoketara joaten`. Berak ere onartzen du ez dela askorik saltzen, ´jendeak txartela hartu eta enkarguz eskatzen ditu lanak; ikustera joaten dira gehiago`. Azokak lege modukoa du artisauak lanean aritzea eta Maiderrek horretarako asmoa erakutsi du: ´Trasteak igoko ditut eta erakutsiko dut zer eta nola egiten dudan`. Kulunka dendako marketeria Kulunka dendako Nerea eta Itziar antolaketan ibiliko dira gaur, baina postua ere jarriko dute. Bi neska hauek marketeria egiten dute, ´egurrezko txapa ezberdinekin kutxak, ispiluak, ordulariak... egiten ditugu`. Horretarako, hemengo egurrak zein tropikalak erabiltzen dituzte, hala nola, palisandroa, wenghea, amarantoa, lupa eta abar. Horrez gain, altzairuak zaharberritzen eta tapizatzen ere aritzen dira, ´horrekin lanpetuta gabiltza eta ez daukagu astirik nahi dugun azoketara joateko`. Hala ere, Zarautzen eta Donostiako Bretxan izan dira aurten, besteak beste.
Jaime septien, beiragilea: «Valentziako beiragile batek piztu zidan beira lantzeko gogoa »
Gipuzkoan ez da beira lantzen duen artisau askorik eta Hernanin daukagu horietako bat. Jaime Septien hernaniarrak 5 urte bete ditu beira lantzen eta tailerra , Colore izenekoa, Florida auzoan dauka, Gabriel Zelaia parean, beste kide batekin. 3-4 hilabetetan Donostiako lokal batetara mugituko dira. Septienek Arte Ederrak ikasi zituen eta 2001 inguruan hartu zuen beira ogibide bezala, beiragin valentziar batek animatuta, ´Mediterraneo inguruan ohitura handiagoa dago beira lantzeko baina hemen ez da oso ohikoa`. Septienek dioenez, 4 beiragin dira gaur egun Gipuzkoan, eta gehienak teknika beruneztatua edo emplomado erabiltzen dute: ´hori da elizetako kolorezko beira haundietan aurkitzen dena. Hor 8 milimetroko beruna erabil tzen da beirak batzeko.` Septienek, ordea, teknika berriagoak erabiltzen ditu eta bakarra da Gipuzkoan.
‘Tiffanys’ eta ‘fusing’ teknikak
Teknika berri horiek Tiffanys eta fusing izenekoak dira. Coloren lehenengoa erabiltzen dute gehien ´Beirak mozten ditugu, ondoren kobrearekin (4 milimetro) inguratzen dugu eta gero, eztainuarekin itsatsi egiten ditugu`. Fusing-a da beira manipulatzeko beste teknika bat eta duela gutxi hasi dira hau erabiltzen Septien eta kidea. ´Fusingarekin beira urtu eta eraldatu egiten dugu. Bi beira zati hartu, keramikazko mol-de batekin lotu eta labera sartzen ditugu, 830 bat gradutara. Teknika aproposa da hautsontziak, platerak edo hiru dimentsioko edozer egiteko.`
Ispiluak, ordulariak...
Colore tailerrean gehien ekoizten dutena neurrira egindako ispiluak dira, baina ordulariak, ateetarako beira artistikoak, argazki oinak eta lanparak ere egiten dituzte. Lanik ez omen zaie falta: ´Merkatua txikia da, bainas egile gutxi gaudenez, lana badaukagu. Enkarguz egiten dugu lan, gehienbat. Oraintxe biok a tope gabiltza`. Igandeko azokaz zera esan du Jaimek: ´Ez dugu toki haundirik izango baina saiatuko gara ate bat eramaten eta ordulariak eta lanparak ere bai, noski`. Urtean 30 bat azoka bisitatzen dituzte.