«Emakume preso askok sufritzen duen egoera bizi du Itxaso Zalduak, Moulinseko espetxean aurkitzen den kolektiboko emakume preso bakarra baita»

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 2a, 01:00

Iazko martxoan atxilotutako hernaniarraren egoeraren berri eman du Askatasuna erakundeak eta gogora ekarri du ordutik dagoeneko hiru espetxetan egon dela Zaldua.

Itxaso Zaldua preso hernaniarraren egoera azaldu du Askatasunak, Hernaniko preso politikoen egoera azaltzeko hamabostean behin Kronikara bidaltzen duen oharrean. Zaldua, 2005eko martxoan atxilotu zuten Frantzian, ETAko kide izatea leporatuta eta geroztik frantziar estatuko hiru espetxetan egon da hernaniarra. ´Duela hilabete, Gradignango espetxean zegoela pegatina bat eramateagatik patiotik ziegara arrastaka eta era bortitzean eraman zuten eta handik egun gutxira espetxez trasladatu`, salatu du Askatasunak. Frantziar estatuak espetxe politika ´krudeltasun amaigabearekin` erabiltzen duela diote ´euskal presoak deserriratzeko, ehundaka kilometrora sakabanatuz`. Horrez gain, espetxe barruan ere presoak banaka isolatzen dituztela azpimarratu dute ´egunerokotasunean beraien hartu-eman guztiak preso sozial eta funtzionarioetara mugatzen direlarik`.

Preso askoren egoera

Oharrak azpimarratzen du Zalduaren kasua emakume preso askok sufritzen dutena dela: ´Emakume preso askok sufritzen duten egoera da Itxasorena. Moulinseko espetxean aurkitzen den kolektiboko emakume preso bakarra da bera. Espetxeratu zutenetik hilabete t´erdi pasa zen lehen senitartekoa ikusi zuenera eta 7 hilabete lagunak ikusi zituen arte. Gaur egun 30 minutuko bixitak ditu astero. Hilean behin, kartzelak aukeratutako ostegun batean, ordubetez ikusi ahal dute senitartekoek, horretarako lan egunak galdu behar badituzte ere`. Bukatzeko, salatu dute frantziar eta espainiar estatuko espetxe politikek ´gure herritarrak suntsitzea` dutela helburu eta hauek salatu eta ´preso guztien eskubideen errespetua exigitu eta bermatzea` denon esku dagoela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!