Bihar hasiko da Faustino torneoa, binakako erremonte txapelketa nagusia

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 2a, 01:00

Bost bikote lehiatuko dira, Euskal Jai Berrin eta Galarretan. Abenduaren 25era arte ligaxka jokatuko dute eta finala urtarrilaren 13rako iragarri dute. Galarretan datorren ostegunean izango da lehen partidua.

ezkurra-San Miguel/Altuna II-Eizagirre partiduak emango dio bihar hasiera binakako Faustino erremonte txapelketari, Uharteko Euskal Jai Berrin. Ligaxkako lehen partidua izango da hau eta lehen fase honetan bikote guztiek elkarren aurka jokatuko dute, abenduaren 25era arte. Ligaxkan bikote bat kanpoan geratuko da eta besteak final aurrekoetara pasako dira. Herenegun aurkeztu zuten 36garren Faustino torneoa, Espainiako txapelketa ere badena, Donostiako Londres hotelean. Juan Antonio Erzilla (Galarreta S.L.), Jose Luis Fernandez de Jubera (Grupo Faustino) eta Pablo Almarcegi prentsa arduraduna izan ziren bertan, 6 erremontistekin batera.

Ezkurra-San Miguel eta Zeberio II-Ion, faborito

Aurtengo txapelketak badu aldaketarik; esaterako, Jokin Etxabe eta Bitoria txapelketatik kanpo geratu dira eta San Miguel doneztebear gaztea sartu da lehenengoz, Ezkurrarekin bikotea osatuta. Bost bikote ariko dira txapelen bila: Zeberio II-Ion; Ezkurra-San Miguel; Juaristi-Lizaso; Altuna I-Urrutia eta Altuna II-Eizagirre. Aurten ohi baino bikote bat gutxiago izango da, ´txapelketaren maila igotze aldera`, Erzillak esan zuenez. Faborito Zeberio II-Ion bikotea izango da, aurrelari elduaindarrak daramakien garaipen arratxa ikusita eta bere palmaresari begiratuta (1998, 2001, 2003, 2004 eta 2005ean irabazi du txapelketa hau). Baina Zeberio IIk hala zioen aurkezpenean: ´txisparekin daramazkit azken bi hilabeteak eta txapelketa forma onean hasiko dut, baina ez dakit nola iritsiko naizen txapelketa bukaerara, beste bi hilabete baitira`. Zeberio IIk Ezkurra-San Miguel jo zituen faborito: ´Koteto konfiantza hartzen ari da eta edozein momentutan jarri dezake partidua bere alde eta San Miguel gogo haundiz dago`; baina ez zituen Lizaso-Juaristi alde batera utzi: ´eginda dagoen bikotea da; maila badauka`.

Uharten eta Hernanin

Uharteko Euskal Jai Berrin eta Hernaniko Galarretan jokatuko dira partiduak. Hernaniko frontoiak datorren ostegunean, hilak 7, hartuko du lehen partidua: Juaristi-Lizaso/Zeberio II-Ion. Hasierako ligaxkan 6 partidu hartuko ditu Galarretak eta bi final aurreko eta finala ere bertan iragarri dituzte.

Jaialdia gaur Galarretan

Gaur Galarretan izango den jaialdia entrenamendu ona izan daiteke Faustino txapelketan parte hartuko dutenentzat. Lau partidu jokatuko dituzte jaialdian: Zalakain-Gaztelu/ Matxin IV-Agirrezabala; Ezkurra-Etxeberria III/Altuna II-Lizaso; Juaristi-Aizpuru/ Matxin III-Urrutia eta Bereziartua-Urko/Uterga-Badiola.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!