Euskarazko produktuen katalogo berria, eskuragarri

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 2a, 01:00

Eguberriak gain gainean ditugu. Ohi bezala, Durangoko Liburu eta Disko Azoka ere ate joka dugu. Urteko euskal kultur ekoizpenaren zati handi bat garai honetarako prestatzen da. Beraz, zer nolako opariak erosi pentsatzen hasteko unea iritsi da. Eskaintza zabala da, baita euskarazko produktuen artean ere. Diskoak, liburuak, jokoak... 0-16 urte arteko haur eta gazteei zer erosi ez dakienarentzat Buruntzaldeak herritarren eskura jarriko du `Euskarazko produktuen katalogoa`. Aisialdia euskaraz bizi baitaiteke.

Askotan, ordea, gure hizkuntzan izaten den kultur ekoizpena bere osotasunean ez da ezagutzen. Horregatik, beste behin, Buruntzaldeak 0-16 urte artekoei zuzendutako euskarazko produktuen katalogoa kaleratu du. Musika, filmak, aldizkariak, liburuak, informatika produktuak, jostailuak eta jokoak. Produktu anitz iragartzen dira. Aukeraketa zorrotza egin dute argitaletxeek eta erakundeek. Adina eta produktuak hezigarriak izatea kontuan izan dute.

OPARIAK EROSTEKO GIDA

Eskola eremutik at, aisialdiko hainbat ekintza euskaraz egin daitezkeela eta hori ahalbidetzeko euskarazko produktuak merkaturatzen direla ohartaraztea da helburua. Horretarako, Buruntzaldean guztira etxez etxe 8.195 katalogo banatuko dira.

Argitalpenean eskaintzen diren hainbat produktu aurkitu daitezke liburu dendetan. Etxez etxeko banaketa hori egin izana nabaritu du Beatriz Azaldegik. Usurbilgo Lizardi liburu dendako langileak duela bizpahiru urte izan zuen katalogo honen berri. Paperean ageri diren produktu asko bere liburu dendan aurki daitezke. `Gida didaktikoa eta oso erabilgarria da`, adierazi du Azaldegik.

Opariak erosteak hainbeste buruhauste eragitea hain ohikoa den aste hauetan, Buruntzaldeko katalogoak horiei irtenbidea aurkitu nahi die. Horregatik, `Euskarazko produktuen katalogoak` batek baino gehiagori zalantzak uxatzen dizkie. Guraso askok opariak erosterakoan, argibide ugari aurkitzen dituzte aipatutako argitalpenean. `Batzuk katalogoa eskutan, produktu zehatz bat erostera datoz`, adierazi du Azaldegik. Herrian euskarazko produktu ugari saltzen dira; adin tarte batzuetan, ordea, besteetan baino gehiago. `Euskarazko produktuak gehienbat gaztetxoen artean saltzen dira`, baieztatu du. Helduen artean, ordea, gauzak aldatzen dira. Bere garaian, heziketa erdaraz jaso izanak zerikusia du. `Zaila egiten da euskaraz irakurtzera ohitzea`, adierazi du liburu dendako saltzaileak.

SALTOKI HANDIAK AURREZ AURRE

Ohitura horiek aldatzeaz gain, gaur egun, liburu denda askok kultur ekoizpen horren salmentarekin lotuta, beste erronka nagusi bat dute; merkatal gune handiei aurre egin beharra. Herrietako denda txikiek salmenta kopuru handiak dituzten hedadura handiko merkatalguneekin borrokatu behar dute. Gehienetan herri mailako merkataritzaren kaltetan.

`Askok merkatal gune handietara jotzen dute lehenik eta gero, herriko liburu dendetara`, azaldu du Azaldegik. Bere ustean, egoera ez da txantxetakoa. Euskal produktuak herritarren eskura jartzeko oinarrizko salmenta guneak arriskuan egon daitezke. `Eta dendak ixten badira, herriko giroa galduko da`, gogoratu du Beatrizek.

KATALOGOA SAREAN IKUSGAI

Katalogoa paperean inprimatzeaz gain, sarean ere zintzilikatu dute. Iragartzen diren produktuei buruzko xehetasun gehiago www.katalogoa.org webgune elektronikoan aurki daitezke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!