Sasi guztien gainetik
lagunak oroituz
Urtean zehar orain dela 70 urteko gertaera lazgarriak (1936ko gerla) gogoratuz Hernanin zenbait ekitaldi desberdin egin da. Egun hauetan, adibidez, Sandiusterrin Karbonerakoak egitarau txukuna eta zabala eskaintzen ari dira.
Baita Auzo Elkarteak, Osiñagako Jaietan, igandean hain zuzen, oroimena lantzen dugu ere. Jaiak antolatzen hasi ginenetik, orain dela 15 urte, Rafa eta Txuria gogoratzen ditugu. Aurten ere bai, eta Ekainaren 4an eguerdiko 12etan, monolitoaren aurrean egin genuen.
Rafa eta Txuria ez ziren gerra zibilean hil, beranduago, askoz beranduago baizik. 1984 urtean GALek Rafa hil zuen. Baita urte berean, Guardia Civilek Txuria ere.
Lagunak izan zirelako, urtero, Rafa eta Txuriaren oroimena lantzen dugu. Lagunak zirenak gogoratzeaz gain, zergatik hil ziren eta zergatik hil zituzten ez dugulako ahaztu nahi.
Orain, Udalak Jaietarako emandako subentziotik zati bat kenduko digute, Hernaniko Kultura batzordearen iritziz ekitaldia, Rafa eta Txuria gogoratuz egiten dena, kultur arlokoa ez delako. Galdera bat sortu zait ordea: senide nahiz lagun hildakoak gogoratzea ez bada kultur arlokoa, zein arlotakoa da?
Hernaniko Udala osatzen duten animalien gisakoak ez dugu izan nahi. Bestelakoak nahi dugu izan, eta gizalegean oinarritutako KULTURA bultzatu nahi dugu. Bultzatu bakarrik ez, bizi ere bai, eta horregatik, gure kultur balioetan senide eta lagun hildakoak gogoratzea dagoelako, Hernaniko Udalari gustatu ala ez gustatu, Rafa eta Txuria, beti, oroimenean izango ditugu.
Bide horretatik jarraitzeko asmoa dugu, nahiz eta batzutan bidea sasiz beteta aurkitu.
Josu Arrieta