Aurten ere gazteok Akelarrea!

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 2a, 01:00

Itziar Arruarte eta Irati Lopez Gazte Asanbladako kideak

Dagoeneko ikasturte berria aurrera doa, eta honekin batera, baita Gazte Asanblada ere. Oraingoan, gazteok hasi gara Akelarrearen haria hartzen, herria berpizteko asmoz. Honi esker, beste herrietako Gazte Asanbladekin harremanak pizten hasi gara. Joan den larunbatean, azaroaren 25ean, Goizuetan ospatu genuen ikasturte honetako lehen Akelarrea, baina ez azkena. Gazteok ilusio handiz ari gara lanean. Jai herrikoi batzuen bidean lehen pausua izan daiteke Akelarrea, geure aisialdia antolatzeko beste modu bat; taberna zuloetatik aterata, lokaletatik aterata. Negu hotzari aurre egiteko modu bat, dantzan berotuta, baina oraingoz, kalean. Duela hogei urte sortu eta gaur, gure herrian, tradizio dugu ospakizun hau, eta hala jarraitzea nahi dugu beste hogei urtean ere. Beraz, guk gurean jarraituko dugu, gure gogo eta ilusio guztiarekin, etorkizunak ere tradizio eder hau ezagutu dezan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!