Oier Mendizabal: «Gaurko partidura lasai nijoa, ez daukat ezer galtzeko»

Kronika - Erredakzioa 2006ko abe. 1a, 02:00

Mendizabal IIk Asegarceren lauterdiko txapela jantzi dezake gaur Muskizen, 19:30etan. Horretarako Aratz Mendizabal garaitu beharko du.

Oier Mendizabal pelotari hernaniarrak Asegarce enpresako lauterdi txapelketako finala jokatuko du gaur, 2. mailan. Aurkari Aratz Mendizabal aurrelari zaldibiarra izango du, Muskizgo Donibane frontoian. 19:30etan hasiko den jaialdian bigarren partidua jokatuko dute. Aurretik Olaizola I-Errasti/Agirre-Zearra neurtuko dira. Teledonosti kateak bihar arratsaldean emango du finala.

Aratz: ´Tantoa azkar bukatzen saiatuko naiz`
Aratz Mendizabal Peñagarikanorekin dabil final aurretiko azken entrenamenduak egiten eta aholkulari izango du gaur azpeitiarra. Zaldibiarrak ondo ikusten du bere burua eta ez du arrazoirik falta horretarako, kaiolan jokatutako zazpi partidutatik sei irabazi baititu aurten. Aratz ligaxkako hiru partiduak irabazita pasa da finalera, tartean Oierri, 22-10. Ligaxkako partidua gogoratuta zera dio zaldibiarrak: ´hasieran zaila izan zen baina gero Oierrek gainbehera fisikoa izan zuen eta horrek garaipena erraztu zidan`. Gaurko partiduari buruz adierazi du: ´Oierrek zuzen oso ondo piloteatzen du eta nik ez dut joko mota horretan sartu behar. Niri jokoa nahastea komeni zait, eta, aukera dudanean tantoa bukatzen saiatzea`.

Oier: ´Aratz frontisetik urruti mantentzea dut helburu`
Oierrek galdu egin zituen ligaxkako lehen bi partiduak, baina aurrera joan ahala, hobeto aurkitu du bere burua, ´ hasieran nerbioak kalte egin zidaten, baina gaur Aratz da faborito eta ni lasai joango naiz, ez daukat ezer galtzeko. Ea bera jartzen den urduri`. Ez dio garrantzirik ematen ligaxkako partiduari: ´orduan ondo hasi nintzen, 4-0, baina ez nuen nire buruarengan sinetsi eta bera nagusitu zen` dio atzelariak. Gaurko partidurako hau da bere estrategia: ´Aratz mugitzen saiatuko naiz eta frontisetik urruti mantentzen, aurrean trebea baita`. Oierrek ondo ikusten du bere burua gaurko partidurako: ´fisikoki eta eskutatik ondo nago. Aurreko mugimenduetara ere ohituta, gustora aritu nintzen Beloki IIren aurka`. Hernaniarrak Jon Zabala izango du botilero.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!