Javier Madrazo, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailburua izan zen atzo herrian, Hernaniko Udalarekin Bizigune programaren inguruko hitzarmena sinatzeko. Madrazoz gain, Roberto Cacho ere izan zen, Bizigune programako zuzendaria.
Bataz beste, 240 euroko alkilerra
Javier Madrazok programaren nondik norakoak azaldu zituen. Programa honek etxe- jabeari garantiak ematen dizkiola azaldu zuen, Eusko Jaurlaritza baita alkilerra ordaintzen duena. Horrez gain, esan zuen Eusko Jaurlaritza arduratuko dela, kontratua bukatzean, etxea behar bezala bueltatzeaz. Etxea zaharra badago, obrak egiteko 18.000 euroko dirulaguntza ere emango zaio jabeari. Laguntza horrek ez du interesik izango jabearentzat eta gero jabeari ordaindu behar zaion alkilerretik kenduko zaio. Alkilerrean bizitzen jartzen denak ordaindu beharreko alkilerra, bataz beste 240 eurokoa izango da. Eusko Jaurlaritzak ere ordainduko dio etxe-jabeari (gehienez 500 euro eta guztira 660 euro gainditzen ez direla).
Udalak kudeatuko du Bizigune programa
Hitzarmena sinatu dute programa hau Udalak zuzenean kudeatu dezan. Hitzarmenak Udala konprometitzen du Bizigune programan pertsona bat lanean jartzera. Pertsona honek herritarrak programaz informatuko lituzke eta interesatuei etxeak erakutsiko lizkieke, besteak beste. Horrez gain, etxe hutsen zerrenda bat egin beharko du Udalak, eta arau fiskalak aztertu beharko ditu etxe hutsen jabeak etxeak alokairuan jartzera animatzeko. Biziguneri buruzko propaganda kanpainak ere egin beharko ditu Udalak, urtero.