Hernaniko Industrialdeak Galarretan sondeoak egiteko eskaera egin du

Kronika - Erredakzioa 2006ko aza. 30a, 02:00

Etorkizunean Galarretan egitea aurreikusia dagoen industrialde teknologikorako informazioa hartzea da helburua. Gobernu Batzarrak eztabaidatuko du gaia.

Gobernu Batzarra bilduko da gaur Udaletxean, arratsaldeko 17:00etan eta hamar gai dituzte mahai gainean. Aztertu beharreko gaietako bat Hernaniko Industrialdeak egindako eskaera da, Galarretan zundaketak (sondeoak) egitekoa. Galarretan, Young Playtik bidean gora, ezker eta eskubi, industrialde teknologiko bat egitea aurreikusten du Arau Subsidiario proiektuak (Diputazioaren esku dago arauen behin betiko onarpena). Zundaketa hauekin lurra nolakoa den ikusten da eta etorkizun batean egin litekeen industriguneak zenbateko lana eta gastua duen neurtu liteke horrela. Industrigunean zundaketak egiteak ez du esan nahi Hernaniko Industrialdeak etorkizunean proposamenik egingo duenik, aztertzeko asmoa duela bakarrik. Galarretan egingo litzatekeen industriguneari buruz, hirigintza fitxak dioena da teknologikoa izango dela eta hortik aurrerakoa plan partzialak zehaztu beharko du. Pentsa liteke, etorkizunean industrigunea egiten bada, Miramongo parke teknologikoaren jarraipen moduko bat izango dela Galarretakoa.

Aldi bateko Aparejadorea
Gobernu Batzarrak onartu beharreko beste puntuetako bat udal lanpostuekin lotua dago. Aldi baterako aparejadore lanposturako deialdia eta oinarriak eztabaidatuko dituzte.

Plenoa bihar
Gobernu Batzarraz gain, ez ohizko Plenoa ere izango da gaur Udaletxean, arratsaldeko 18:00etan. Bi puntu dituzte eztabaidarako Ongintza Patronatuko eta Udaleko plantilan aldaketa puntual batzuk erabakitzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!