Donostiako Maratoiak hernaniar bat izan du aurten protagonista nagusietan, Asier Larrañaga hain zuzen ere. Progresio izugarrian dijoan atleta hernaniarra 6garren sartu zen helmugan, bi ordu eta erdiko mugarri zailetik behera. Larrañaga lehen euskalduna izan zen helmugan, Serem, Chelanga eta Aiyabei keniarrak, Gonzalo kataluniarra eta Ramírez madrildarraren atzetik eta horrenbestez, Gipuzkoako Txapelketa ere bereganatu du.
Markarekin gustora
Larrañaga gustora dago egindako denborarekin, baina neurri batean espero zuen: ´bi ordu eta erditik jaistera atera naiz eta gustora nago lortu dudalako. Espero ez nuena zen, hain goian bukatzea, eta lehen gipuzkoarra eta lehen euskalduna izatea` azaldu dio Kronikari. Larrañagak bere marka pertsonala hobetzea lortu du 35 urterekin, baina korrika nahiko berandu hasitako atletak oraindik zerbait hobetu lezakeela uste du: ´marka honetatik aurrera segundoak jaistea ere zaila da, baina oraindik margena izan dezakedala uste dut`. Proba bera ondo egin bazuen ere, azken 8 kilometroetan jemeloetan sobrekarga txiki bat izan zuen Larrañagak, bere hitzetan Behobia-Donostia lasterketak eragindakoa: ´Behobiara ez nintzen dena ematera atera, baina hala ere nabaritu dut proban, bukaera gogorra egin baitzait`.
CD Hernanirekin
Orain artean herrikoi moduan hartu izan du parte Larrañagak, baina orain CD Hernanirekin federatu da eta Maratoian ere Hernaniko klubaren izenean hartu du parte. Bere hitzetan, federatuta egotea ona izateaz gain, polita da herriko taldearen izenean parte hartzea eta gustora dago. Bestalde, berak zeukan Hernaniko marka ere hobetu du Larrañagak eta berriz hobetzeko bi ordu eta erdiko marka zailetik behera jarri. Hurrengo erronka berriz, udaberri aldean ikusten du atleta hernaniarrak, atzo dagoeneko ´korrikarako irrikitan` baitzegoen. Baina oraindik ez dauka argi zein probatan hartuko duen parte.
Gainerako hernaniarrak
Aurtengo maratoian 20 hernaniar inguruk hartu du parte eta denbora onak egin ditu jendeak. Hiru orduko mugatik behera bost korrikari behintzat sartu dira helmugan, sailkapen ofizialaren arabera.