Saharako errefuxiatu eremuetan dagoen osasun egoera azalduko du bihar hitzaldian Txema Anda Fernandez, Gasteizko Santiago Ospitaleko Otorrinolaringologia zerbitzuko burua eta Saharako osasun koordinaziorako bulegoko Europako arduradunak. Anda SEADen (Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa) Gasteizko Lagunak elkarteko kidea ere bada, eta elkarte horrek koordinatzen du Tindufeko errefuxiatu guneetan bizi diren sahararrei ebakuntzak egiteko sarea. Urtean hiruzpalau aldiz joaten da Anda Tindufera, zenbait komunikabideetan azaldutakoaren arabera, eta ondo daki bertako osasun egoeraren berri.
Gosea, arma politikoa
Kooperazio Taldeak, Udaleko Kooperazio Arloak eta udaran Saharako haurrak etxean hartzen dituzten familiek antolatu dute hitzaldia. Beren hitzetan, Marokok presio politikorako arma gisa erabiltzen du gosea ´Saharako herritarrek marokoar bihurtzea onar dezaten`. Aljeriako desertuan, Tindufeko errefuxiatu eremuetan, 200.000 saharar inguru daude azken 30 urteetan bizitzen eta anemia dute 15-45 urte arteko emakumeen %66k eta haurren %68k, Munduko Elikagai Programa eta UNICEFen arabera. Errefuxiatu guneetan egoera gogorra bada, Marokok okupatutako lurraldeetan are eta gordinagoa da: ´sahararren kontrako errepresioa, dozenaka pertsona atxilotu eta torturatzen dituzte gauero, eta ehundaka desagertu dira`, salatu dute antolatzaileek.
Elikagaiak biltzen
Biharko hitzaldiak emango dio hasiera, abenduan Saharara bidaltzeko elikagaiak biltzeko egingo den kanpainari. Azken urteetan, 3.000-4.000 kilo elikagai eta oinarriko gai bildu izan dira Hernanin, eta aurten gehiago izatea nahi dute egitasmoaren antolatzaileek.