Faxistek Gipuzkoan sartu eta herrialdea okupatu zutela 70 urte bete dira azken hilabete hauetan. Hilabete eta erdiko erresistentzia izan zen, baina herriak amore eman behar izan zuen arerioaren nagusitasun militarraren aurrean.
Urteurren hori gogora ekartzeko eta gertakizun haien ondorioz frankismoak eragindako errepresio bortitza salatzeko helburuarekin, Karbonera Guneko taldeak eta Zine Txiroko Sareak astebeteko dokumental ziklo berezi bat antolatu dute Sandiusterri aretoan Hernanin, gaur hasi eta larunbata bitartean. Guztira 9 dokumental proiektatuko dira; lau, euskal lurraldeetako herri ezberdinetan izandako gertaerak jasotzen dituenak; besteak, Espainiako beste hainbat lekutan jasotako istorio lazgarriak erakusten diztuztenak.
Karbonera Gunetik jendea animatu nahi dugu zikloa ikustera ager dadin. Aukeratu diren dokumentalek merezi dutela uste dugu, bai jorratzen dituzten gaiak esanguratsuak direlako, bai eskainiko diren emanaldiek izango duten kalitatearengatik ere.
Gure ustez, gertakizun haien orrialdea ezin da nolanahi pasa. Hernanin bertan, nahiz eta betidanik jakin izan dugun 200 fusilatu inguru zeudela herriko hilerrian lurperatuak, eta haiei egin zaizkien omenaldiak ezagunak izan arren (azkenekoa, duela egun gutxi gainera), fusilatuen hezurrak non dauden ere ez dakigu, egon behar zuten lekuan ez baitira agertu.
Azkenik, espainiar Gobernuak onartu duen Memoria Historikoaren Lege-Egitasmoa salatzen dugu ´puntu eta amaierako` legea ezarri nahi duelako. 1936ko gerran eta frankismoan egin ziren torturak, hilketa estrajudizialak eta herrien kontrako erasoak zigorrik gabe uztea aldarrikatzen dutelako. Eta egileen izenak eta abizenak gorde nahi dituelako, biktimei eta gizarte osoari egia jakiteko aukera, justizia eta kalte-ordainak jasotzeko aukera ukatu zaielako. Ez da aipatu ere egiten gerrillari antifrankisten kasua, Errepublikako gudari bezala aitortuak izan daitezen, haien erreibindikazio historikoa hutsean utzita. Ez da bereizten alde bateko eta besteko biktimen artean, faxistak eta askatasunaren aldeko borrokalariak erabat berdinduz. Eta ez da Administrazio Publikoa derrigortzen sinbologia frankista eta kale-izendegiak erretiratzera. Ordainean, berrabiltze-adierazpen sinboliko indibiduala proposatzen da.
Ozenki diogu: EZ DAGO ESKUBIDERIK.
Patxi Xabier Ibartzabal Esnaola, Karbonera Guneko Taldearen izenean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!