JOAN den asteartean bide heziketa ikastaroa izan zen adinduentzako, Goiz Eguzki jubilatu etxean. Ia 70 lagunek areto nagusia bete zuten eta adi-adi entzun zituzten Jon Retegi eta Ramon Aizpiolea udaltzainek emandako aholkuak.
Bideoak eta galdetegiak
Ikastaro hasieran 2005 urteko datu batzuk azaldu zituzten. Datuen arabera, espainiar estatuan 196 lagun hil ziren hiriguneetan izandako istripuetan, eta hauetatik 163, 64 urtetik gorakoak izan ziren. ´Datu hauekin pixka bat ikaratu genuen jendea, baina eman beharrekoak dira` adierazi zuen Jon Retegi udaltzainak. Ondoren, Eusko Jaurlaritzak prebentziorako prestatutako bideoak jarri zituzten eta gero galdetegi bat bete zuten adinduek. Pintxo batzuekin indarrak hartu eta gero, bideo gehiago ikusi zituzten, azaldutakoa garbiago ikusteko, eta bukaeran distiratzaile bat eman zioten partehartzaile bakoitzari, Argi ibili ilunpetan lemarekin, besoko edo pulsera moduan erabiltzeko.
´Ikastaroa, beharrezkoa`
Jon Retegik ikastaroa beharrezkotzat jo zuen, ´duela gutxi 5 istripu izan ziren Herna-niko hirigunean, eta gogoratu behar da azken 10 urteetan autoen kopurua bikoiztu egin dela gure herrian`. Ikastaroak harrera ona izan omen zuen, ´euria geratu gabe ari zuen eta aretoa bete egin zen, jendeak interesa duen seinale` zioen udaltzainak.