Etxe hutsak, okupatu! Dagoeneko inork ez du zalantzan jartzen etxebizitzaren arazoa dela gaur egun gizartean eta bereziki gazteen artean zabaldurik dagoen arazo larrienetariko bat. Lan-munduko prekarietate egoera azeleratuak ezinezko egiten du, kasu askotan, etxebizitza batekin amestea ere, bizitza osorako banketxeen esklabu izatera kondenatuko gaituen hipoteka bat eskatu beharko baitugu. Egoera larria da. Herritarren eskubideak bermatu behar dituzten administrazio eta gobernuek espekulatzaileen mesederako politikak bideratzen dituzte. Martxan jartzen diren etxebizitza politiken funtsa eraikuntza da. Konponbidea geroz eta gehiago eraikitzea dela esaten digute. Horrela herrietako lur errekurtsoak gutxitzea eta kostruktoren negozioa borobiltzea lortzen dute, arazoa ez konpontzeaz gain, noski. Baina zer gertatzen da hutsik dauden etxebizitzekin? Nola da posible Euskal Herrian milaka eta milaka etxe huts egonik oraindik ere hauei erabilera emateko alternatiba errealik ez plazaratzea? Nola da posible hainbeste etxe huts egonik hainbeste eraikitzen jarraitzea? Nola da posible batzuk 5 etxe dituzten bitartean beste batzuk gabe egotea, oinarrizko eskubide bat denean etxebizitza? Nola da posible planteatzen den alternatiba bakarra etxe hutsen jabeei laguntzak ematea izatea? Nola da posible oraindik ere etxebizitza hutsen inguruan ez egotea araudi murriztatzaile bat? Nola da posible babes ofizialeko etxebitza asko hutsik egotea eta negoziorako tresna bilakatzea? Hori salatzeko duela hilabete batzuk ATE JOKAk hutsik zegoen babes ofizialeko etxe bat okupatu eta zerraila aldatu zion. Bertan hilabetean zehar petsona bat egon da bizitzen eta etxeari bere benetako zentzua eman dio; bertan bizitzea alegia. Baina azken aste honetan inolako abisurik gabe eta bertan bizi zenari inolako esplikaziorik eman gabe etxeko zerraila aldatu eta kale gorrian utzi dute. Neurriak hartzeko garaia da. Alternatiba errealak plazaratzen ez diren bitartean, okupazioaren aldeko apustua berresten dugu. Okupazioa tresna paregabea baita etxebizitzaren arazoari aurre egin, arazoa kaleratu eta jendearen kontzientziak astintzeko. Beharrezkoa da kurtso honi begira okupazioaren alde jendea bildu, antolatu eta okupazioaren bidea sendotzea. ATE JOKAK deialdia zabaldu nahi du gaur 19:00etan Plaza Berrin burutuko den salaketa mobilizazioan parte hartzeko.
Beñat Aginagalde, Ate jokaren izenean.