Hernani musika eskolak antolatuta eta musika bandaren laguntzarekin, Hernasax jardunaldiak izango dira Hernanin, gaurtik igandera arte. Jardunaldietan Pirineos jazz orkestra, Josetxo Silguero Gorriti & laboratorio de musica electroacustica de Gasteiz, Hernasax topaketa eta musika bandaren kontzertua izango dira ikusgai. Hernani eta saxofoilarien arteko harremana oso sendoa dela gogorarazi dute eskolatik; ikasturte honetan 48 ikasle ari dira saxofoi eskolak jasotzen Hernani musika eskolan eta 60 bat hernaniar dira bandan, txarangetan edo profesional moduan tresna hori jotzen dutenak.
Gaur, Pirineos Jazz Orkestra
Pirineos Jazz Orkestrak irekiko du Hernasax zikloa gaur Sandiusterrin, 19:30ean. Tam tametik tom tomera emanaldian, XVII. mendeko esklabotasunetik gaur arte, musika generoaren bilakaera islatuko dute taldeko 7 kideek, Mikel Anduezak zuzenduta. Honenbestez, estilo ezberdinak landuko dituzte gaur: blues, be-bop, jazz, swing... Bihar, Josetxo Silguero Gorriti eta bere musika laboratorioa izango dira Sandiusterrin. Nere Lujanbiok aurkeztutako emanaldian, egile ezberdinen 5 obra interpretatuko dituzte, 19:30ean hasita.
Etzi, Hernasax topaketak
Etzi, Hernani musika eskolako Leoka, Rockmatxin, Saxmatxine eta Hernasax taldeak Euskal Herriko eskola askotako saxofoilariekin elkartuko dira eta klasiko batzuk joko dituzte, Hernasax topaketan. Sandiusterrin, 18:00etan.
Igandean, musika banda
Igandean bukatuko dira jardunaldiak, Hernaniko musika bandaren kontzertuarekin. Egun horretan Santa Zezilia ospatuko dute eta, saxofoia protagonista, 5 obra eskainiko dituzte, Zipri Otxandorenak zuzenduta. 13:00etan izango da, plazan.
Egitaraua
Azaroak 23: Pirineos Jazz Orkestra. 19:30. Sandiusterri.
Azaroak 24: Josetxo Silguero Gorriti & musica electroacustica de Gasteiz. 19:30. Sandiusterri.
Azaroak 25: Hernasax topaketa. 18:00. Sandiusterri.
Azaroak 26: Hernaniko musika banda. 13:00. Plaza.