Erabilitako produktuen merkatua bihar izango da Atsegindegin

Kronika - Erredakzioa 2006ko aza. 24a, 02:00

San Markos mankomunitateak antolatu du eta ´kontsumo arduratsuagoa egitearen garrantziaz` jabetu arazi nahi dute jendea. Merkatua goizeko 10:00etatik 14:00etara izango da.

San markos mankomunitateak antolatuta, M2SM (Merka2 San Markos) merkatua izango da bihar goizean Atsegindegin. Bertan bigarren eskuko produktuak salduko dituzte horretarako jarritako 40 postutan, 10:00etatik 14:00ak arte. M2SM merkatu ibiltaria da eta bigarren edizioa da aurtengoa. Mankomunitatearen partaide diren herri guztietan egin dute edo egingo dute merkatua: Urnietan, Usurbilen, Donostian, Oiartzunen, Errenterian, Astigarragan, Pasaian eta Lasarten. Etzi Lezon bukatuko du merkatuak bere ibilbidea. Orain arte, 11.000 bisitari inguru erakarri ditu merkatuak.

´Hondakin gutxiago sortzearen garrantzia`

Merkatua txertatua dago mankomunitateak hondakinak murriztu eta prebenitzeko duen planaren barruan eta, ekimenaren bidez, herritarrei dei egin nahi die hondakin gutxiago sortzeko. Erakundeak dio gaur egungo kontsumo ohiturak direla eta, askotan erabilgarriak diren gauzak botatzen ditugula. Merkatua tresna eraginkorra omen da, hondakintzat jotzen ditugun objektuei balioa emateko eta jendea kontzientzatzeko.

40 salmenta postu

Bihar Atsegindegin 40 postu izango dira, orain arteko parte hartzaile kopuru altuena. Langile ikastola, Psikopedagogia ikasleak, Atea, Ayuda en Accion, Remar, Oldberri eta hainbat herritarrek jarriko dute beren postua. Bertan, denetatik izango da: arropa eta osagarriak, liburuak, musika, ki-rol materiala, eta abar. Merkatua girotzeko, irratsaio bat egingo dute zuzenean eta merkatu eremuan entzun ahal izango da. Informazio puntu bat ere izango da zabalik eta bi adituk mankomunitateak bultzatu dituen azken ekimenen berri emango dute. Bertan, 12 euroko erosketa-txartelak ere zozketatuko dira goiz osoan zehar, merkatuan gastatzeko. Iragarkiak jartzeko panel haundi bat ere izango da bisitariek iragarkiak jartzeko. Aurrez egindako merkatuetan jarritakoak ikusgai izango dira.

Urte osoan interneten

Internet bidez, merkatua urte osoan zabalik izango da www.merka2sanmarcos.org helbidean eta lehen hilabetean 100 iragarki jaso ditu. Internetera sarbiderik ez duenak 943-670249 telefonora jo dezake.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!