Biteriko areto nagusia bete egin zen Kuba eta Venezuelaren berri jakiteko

Kronika - Erredakzioa 2006ko aza. 22a, 02:00

Natzak antolatu zuen hitzaldia, Aske elkartearekin elkarlanean.

VeNezuela eta Kubatik etorritako Hector Soto eta Iroel Sanchezek hitzaldia eman zuten astelehenean Biterin, jendez betetako areto nagusian. Hitzaldia Natza elkarteak ekarri zuen Hernanira, Aske elkartearekin egindako elkarlanari esker. Izan ere, Askek Egunon Utopia! jardunaldien barruan bi hizlari hauek ekarri ditu, baita beste hizlari batzuk ere, eta egunotan hitzaldiak ematen ariko dira Donostia eta Bergaran. Hitzaldia dinamizatzen Josu Juaristi izan zen, Gara-ko zuzendaria. Aurkezpena Mertxe Etxeberriak egin zuen, BHko kideak. Etxeberriak esan zuen sozialismoa egun ideologiko hutsa dagoela eta ezkerraren objektiboek ez dutela sistema zalantzan jartzen. Horren aurrean, eszepzioak badaudela adierazi zuen eta adibidetzat jarri zituen entzuleen artean zegoen Alfonso Sastre, Ezker Abertzalea, globalizazioaren kontrako mugimendua eta gonbidatuei erreferentzia eginez, Venezuela eta Kuba.

Iroel Sanchez: «Kubako gizartea instituzioetan dago ordezkatua, maila guztietan»

Hitzaldia Iroel Sanchezek hasi zuen, liburuaren institutu kubatarraren zuzendariak. Fidel Castrok bere osasun egoeraren berri eman zuenean medioek egindako manipulazioa aipatu zuen, Kubaren bukaera iritsi zela zabaldu baitzuten. Horren aurrean, Kubako gizarteak lasaitasuna eta konfidantza duela esan zuen.
Kubako gizartea 2 edo 3 buruzagiren atzetik doan artaldea dela diotenen kontra, Sanchezek esan zuen Kubako gizartea instituzioetan ordezkatua dagoela. ´Kuban gobernuz kanpoko 2.000 erakundetik gora daude eta hauek parte hartze haundia dute, gobernuaren ekimenak kritikatu eta zalantzan jartzen dituzte eta gobernuak erantzuteko obligazioa du` azaldu zuen.
Herriaren partehartzea bermatzeko lan haundia egin zela adierazi zuen. Bide horretan gizartearen alfabetizazioa aipatu zuen, ´baina ez hori bakarrik, haratago joan gara, irakasle bakoitzak 15-20 ikasle ditu gehienez, denek aukera bera izan dezaten ikasteko. Badaude eskolak irakasle eta ikasle bakarrarekin eta hauetan ere ordenadorea, bideoa eta beharrezko materiala izaten da, baliabide horiek eskuratu ezin dituztenek ere badutelako eskubidea hauek eskura izateko` .

Hector Soto: «Herriak altxa egiten dira, estatu golpeak beste batzuek ematen dituzte»

Hector Sotok hitz egin zuen segidan, Venezuelako kultura ministerioko gabineteko zuzendariak.  Adierazi zuen Hugo Chavez egiten  ari den iraultza bolibartarra utopien berpiztearen barruan dagoela. Azpimarratu zuen iraultzak ez duela sistema jakin bat jarri, herriaren nahian oinarritu dela. Venezuelako hauteskunde presidentzialak 15 egun barru izango direla ere gogorarazi zuen.
Denboran atzera eginez, azaldu zuen 1992an Hugo Chavez altxa zenean, herriak bere zintzotasuna eskertu zuela, ekintzak bere gain hartu zituelako. Adierazi zuen herriak altxa egiten direla eta estatu golpeak ematen dituztenak beste batzuk direla. 1998ko hauteskundeetan herriak Chavez aukeratu zuen.
1999garren urtean Venezuelako Konstituzio berriak ere babes zabala izan zuela aipatu zuen: ´Konstituzio honek jabetza pribatua onartzen du, baina ez monopolioa; demokrazia bultzatzen du, baina parte hartzailea; hezkuntza bermatzen du; kooperatibismoa bultzatzen du; ekonomia planifikatzen du, eta ez du uzten merkatuaren eskuetan; latinamerikako integrazioa bilatzen du...`
Hala ere, pobreziari aurre egitea oraindik ere ez dutela lortu azaldu zuen eta hori lortzeko herriari boterea eman zaiola.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!