Ikor Kotx; ezizen horren atzean Jon Urbe dago, Hernanin bizi den argazkilari errenteriarra. Kotx 80garren hamarkadaren bukaeratik dabil kamara eskuetan duela eta Hernanin, hain zuzen, hasi zen lanean, Egin egunkarian. Rock&rolla da bere zaletasunetako bat, eta rock&roll kontzertuetan ateratako ar-gazkiekin liburua dauka atzotik kalean: rock&klik.
‘Rock&klik’
Aspalditik zeukan Kotxek bere argazkiekin liburu bat osatzeko nahia eta atzokoan bete ahal izan zuen. Rock&klik izena du liburuak, Paper Hotsak-ek kaleratu du eta kajoitxu baltza argazki liburuen bildumako lehenengoa da. Egileak dioenez, ´Paper Hotsaken ideia asko gustatu zitzaidan eta horrela animatu nintzen`. Liburuan rock musikaren inguruko berrehun bat argazki azaltzen dira. Tartean hernaniar musikari batzuenak ere badaude, hala nola, Afonia, Mal de Ojo eta Lau Itzal taldetakoei egindakoak.
Bodega taberna, ‘enblematikoa’
Bodega tabernan egin zen liburuaren aurkezpena. Argitaletxeko zuzendari J.F. Azkaratek aurkeztu zuen ekitaldia eta Kotxek hitzaldi motz bat eman zuen. Ondoren, liburuko argazkiak jarri zituzten pantaila batean, Xabier Solanoren musikaz girotuta. ´Bodega erreferente bat izan zen 90garren hamarkada hasieran. Talde on asko pasa dira hemendik, toki enblematikoa da` zioen Kotxek. Bodega tabernan egindako argazki ugari daude liburuan, eta baita Haida tabernan edo Sagarrondotik eta Utzi Hernani pakean kontzertuetan egindakoak ere.