Hernaniko ikastetxe gehienek bat egin dute gaurko greba deialdiarekin

Kronika - Erredakzioa 2006ko aza. 21a, 02:00

HERNANIKO ikastetxe gehienek bat egin dute gaur STEE-EILAS, ELA, LAB eta UGTk egindako hezkuntza mailako greba deialdiarekin. Greba deialdia egin zaie sare publikoaren barruan dauden herriko ikastetxeei, hau da, Elizatxo, Langile, Urumea eta Txirrita ikastetxeei. Udal Haurreskola eta Inmaculada ikastetxea deialditik kanpo daude eta normaltasunez emango dituzte gaur klaseak. Hernaniko ikastetxeen artean, Langile ikastolak eta Txirrita eskolak itxiko dituzte gaur ateak. Urumea ikastolatik aditzera eman dutenez, Lehen Hezkuntzan ateak zabalduko dira eta irakasle batzuek klase emango dute. Bigarren Hezkuntzan, nahiz eta irakasleen %100ak grebarekin bat egin, zerbitzu minimoak eskainiko dira. Elizatxo ikastolan, Lehen Hezkuntzan, ez dira klaseak emango. Bigarren Hezkuntzan, aurreneko zikloan ere ez, baina bigarren zikloan zenbait klase emango dituzte.

Greba lurraldeka
Hezkuntzako greba lurraldeka egingo da. Gaur Gipuzkoa osoko sare publikoko ikastetxeei egin zaie deialdia. Kontzentrazioa ere ez dute herrika egingo, deialdia Donostiarako baitago egina. Kontzentrazioa goizeko 11:00etan izango da Donostiako Delegazio aurrean, Andia kalean. Araban azaroaren 23an egingo dute greba eta Bizkaian hilaren 30ean.

´2003tik aldaketarik gabe`
Sare publikoan lan egiten duten irakasle, garbitzaile eta autobus zerbitzuetako delegatuek salatu dute 2003tik ez dela lan baldintzetan aldaketarik izan. Funtsean hobekuntzak eskatzen dira langileen lan baldintzetan, eta eskatzen da baita ere hezkutzaren kalitatea bermatuko duten zenbait neurri hartzea. Esate baterako eskatzen dute soldata %15 igotzea; ratioak jaistea (irakasle ba-koitzeko ume kopurua); garbiketetan garbitu beharreko metro karratua gutxitzea; Hezkuntza Departamenduak formazioa bermatzea irakasle, garbitzaile eta jangelako arduradunei; euskalduntze prozesu bat martxan jartzea; eta lan osasunari dagokion legea garatzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!