«Bidegabekeria honek jendea asaldatu egin duela erakutsi nahi dugu autoinkulpazio kanpainarekin»

Kronika - Erredakzioa 2006ko aza. 21a, 02:00

Larunbatean J’accuse autoinkulpazio kanpaina izango da Hernanin. Herritarren firmak bilduko dituzte eta Auzitegi Nazionalera eta Estrasburgoko tribunalera eramango dituzte.

18/98 auziak hasi zirela urtebete egin du azaroan eta data honen bueltan kanpaina berri bati ekin diote herri ezberdinetako lan taldeek: autoinkulpazio kanpaina. Euskal Herri mailako kanpaina da autoinkulpazioena eta Hernanin datorren larunbatean, hilaren 25ean, egingo da. Lan taldeak dei egin die herritarrei beren firmak emateko. Autoinkulpazio kanpaina giro alaian egin nahi izan dute eta hori dela eta pintxoak, sagardoa, graffitia eta beste hainbat ekimen izango dira, goizean, Plaza Berrin, eta iluntzean, Karkaban. Ekimenean herriko sektore ezberdinek hartuko dute parte, helburua baita mota eta pentsaera ezberdinetako jendeak parte hartzea. Ekimenera gonbidatuta daude Tolarea kofradia eta baita, kultura, hezkuntza, sindikalgintza eta politika, gazte, kirol, euskara eta komunikazio arloan ari diren talde eta norbanakoak.

Auzitegi Nazionalera eta Estrasburgora
Elena Belokik azaldutakoaren arabera, larunbatean biltzen diren sinadurak Auzitegi Nazionalera eta Estrasburgoko tribulanera eramango dituzte: ´Helburua da ahalik eta sinadura gehien biltzea. Sinadurek balore sinbolikoa eta politikoa ere izango dute. Asmoa da erakustea bidegabekeria honek jendea asaldatu egin duela` aipatu du. Belokik dio epaiketa hau Euskal Herriarekin amesten duten guztien kontrakoa dela eta mina egiten duten arren, amesten eta lanean jarraitzen dutela: ´dugun gogoa min hori baino indartsuagoa eta positiboagoa delako`. Kalte pertsonalez gain, epaiketa hauek kalte ekonomiko haundia ekarri dutela azaldu du Belokik eta datu bat eman du kalte horretaz jabetzeko: inputatu bakoitzak hilabetero 2.795 euroko gastua izan du epaiketa hasi zenetik pasa den urtebetean.

Hernaniko 8 inputatu
Elena Belokiz gain, Hernaniko beste 7 inputatu daude 18/98 sumarioan: Juanpe Plaza (Batasuna auzia), Juan Mari Larrarte (Egunkaria), Araitz Zubimendi (Jarrai-Haika-Segi), Iñaki Zapiain (Egin), Pello Zubiria (Egunkaria), Juan Mari Olano (Gestorak) eta Iñigo Elkoro (Xaki).

Elkoro sumariotik kanpo
Iñigo Elkoro Xaki auzian sartuta egon arren, 18/98 sumariotik kanpo epaituko dute. Izan ere gaixotu zenean, forentseak luzerako joko zuela aurreikusi zuen eta legeak dio prozesua hilabetez geldituz gero, hasieratik hasi behar dela. Epaileak erabaki zuen bera bakarrik sumariotik kanpo epaitzea eta hutsetik hasita.

Oraindik ere luzerako
18/98 sumarioaren epaiketa fase perizialean dago orain. Aurretik inputatuei galdeketak eta lekukoen deklarazioak izan dira, bai akusazio eta bai defentsaren aldetik.
Elena Belokik azaldu du fase honetan ikerketan parte hartu duten adituek ematen dituztela azalpenak, eta salatu du ´aditu horiek atxiloketetan parte hartu duten Guardia Zibilak, Polizia Nazionaleko UCIko agenteak eta inspektoreak` direla.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!