Atzo bukatu zen presoen eskubideen aldeko ekimen ibiltariaren egonaldia, Hernani-aldean. Ekimen ibiltariak larri dauden preso gaixoak eta 3/4ak bete dituztenak kaleratzea eskatzen du eta euskal preso politikoei kolektiboari estatus politikoa onartzea. Gai horien inguruan eragile ezberdinen konpromisoak lortzea zuten beste helburua eta horretan saiatu dira egunotan. Ekimen horren barruan, ekintza nabarmenena astebeteko gose greba izan da, Askatasuna eta Etxerateko kideek, preso ohiek eta abokatu batek egindakoa haur eskola zaharrean. 8 kideek, baraualdia egiteaz gain, antolatutako beste ekintzetan parte hartu dute. Asteazkenean mahainguru bat izan zen haur eskola zaharrean eta gose grebalariek hainbat gai azaldu zituzten herritarren aurrean. Ostegun goizean, eragileekin bildu ziren, presoen eskubideak errespetatzeko konpromisoak hitzartzeko asmoarekin, eta arratsaldez Hernaniko azokan kontzentrazioa egin zuten. Ostiralean, Zinkoenean izan zen kontzentrazioa eta atzo, asteko ekintzei eta gose grebari bukaera eman zieten, Hernaniko manifestazioan parte hartuta.
Asteazkenean mahaingurua
Joan den asteazkenean, hilak 15, mahaingurua izan zen haur eskola zaharrean, gose grebaren egoitzan, 20:00ak aldean hasita. Askatasunako kide batek aurkeztu zuen ekitaldia eta gero, gose grebalariek 8 gai azaldu zituzten; bakoitzak bana. Landutako gaiak, osasuna, lege berriak, senideak, espetxeko egoera eta abar izan ziren, denak presoen egoerarekin loturikoak. Joan Mari Olanok egin zuen azken mintzaldia eta horren ondoren herritarrek hartu zuten hitza, galderak egiteko. Herritarrek beren kezkak azaldu zituzten gaur egungo egoerari buruz eta normalizazio prozesuaz, ezker abertzaleko taldeen funtzionamenduaz ere hitz hitz egin zuten, ´etxean bezala`, Olanoren hitzetan. ´Herritarren mobilizazioa dela bide bakarra` gogoratu zuten gose grebalariek.
Ostegunean eragileekin bilera
Ostegunean Ibaetako foroko eragileen bisita espero zuten gose grebalariek, eta LAB sindikatuko ordezkariak izan ziren bertan. Hauek, konpromisoen zerrenda eta horren inguruko azalpen zehatza jaso zuten.
Atzo, manifestazioa
Manifestazioa egin zuten atzo Hernanin barrena, gose greban izan diren zortzi lagunak pankartan zirela. Gaixo dauden presoak eta kondena betea dutenak askatzeko eskaera egin zuten Hernaniko kaleetan lehenengo eta plazako ekitaldian ondorenean.