«Utopia ez da ezinezkoa, utopia sistemak ezinezko egiten duena da»

Kronika - Erredakzioa 2006ko aza. 19a, 02:00

Kubako adibideak inperialismoa gainditu litekeela ikusteko balio izan duela azpimarratu zuen Alfonso Sastrek ostiraleko prentsaurrekoan eta Venezuelako iraultza Bolibartarrak eta Bolivian Evo Morales gobernura igo izanak ´utopia egi bihurtu litekeela` erakusteko balio izan dutela.

Iazko hitzaldietatik ateratako ikasgaietako bat horixe izan omen da, ´utopia ez dela ezinezkoa, utopia ez dagoena dela, baina ez egon ezin dena`. Sistemak egiten ditu ezinezko zenbait gauza Sastreren hitzetan, ´baina sistema hori hausteak posible egiten ditu sistemak ezinezko direla dioen hainbat gauza`. Adibide moduan jarri zuen, zortzi orduko lanaldiarena: ´aldarrikapen hori ezinekoa zela esan zuen kapitalismoak, baina odol asko isuri ondoren horrela ez zela frogatu ahal izan zen`.

Kuba, Venezuela eta Bolivia

Utopia eraikitzeko bidean, Kubako erregimenaren garrantzia azpimarratu zuen Sastrek, eta geroago, Venezuelako iraultza Bolibartarrak edo Evo Morales Boliviako gobernura igo izanak hartu duten garrantzia. Errealitate horiek kontuan hartuta, bertako hizlariak ekarri dituzte jardunaldietara, bai iaz eta baita aurten ere. Hernanin Kubako eta Venezuelako bi hizlari izango dira, liburu mundua eta kultur mundua barrutik bizi duten bi kide: La Habanako liburu azoka barru barrutik ezagutzen duena bata eta Hugo Chavezen gobernuan dagoena bestea. Gaur egun, inperialismoaren aurkako beste zenbait foko sortu dira munduan Sastreren hitzetan, globalizazioaren aurkako borrokan bildu direnak. Beste mundu bat posible dela uste duen sare bat sortzen ari dela uste du idazleak, eta berak ere bat egiten du ideia horrekin.

Hamar urteko ibilbidea

Hamar urteko ibilbidea Alfonso Sastre Kultur Elkarteak datorren urtean beteko ditu hamar urte, Sastrek berak atzo prentsaurrean azaldu zuenez. Hasieran, lagun talde batek sortutako elkarte txiki bat izan zen; Sastreren antzerki eta literatur obra bazterreratua izaten ari zela iritzita, eta obra zabal hau ezagutarazteko zerbait egin behar zenaren ustean. Hortik hartu zuen Alfonso Sastreren izena elkarte honek idazleak berak azaldu zuenez, eta gerora bestelako forma bat hartzen joan da, ´geroz eta interesgarriagoa`. Gaur egun, ´zenbait gauzetaz kezkatutako jende multzo batek osatzen duen komite txiki` moduan aurkeztu zuen taldea Sastrek. Lehen urteetan, bere obra defendatzeaz gainera, antzerkiarekin zerikusia zuten gaiak landu zituen elkarteak: programatzen diren antzerkien filosofia edo antzerki komikoei buruzkoa besteak beste. Antzerkiari buruzko gai horrek gehiago ere eman zezakeela uste du Sastrek, baina urri samarra gelditu zitzaien ´munduan gertatzen ari ziren gauzen aurrean`. Gai horren aurrean zer esana bazutela pentsatu zuten elkarte kideek eta gai orokor eta politikoak lantzeari ekin zioten ´munduan gauza interesgarri asko gertatzen ari zelako, Errusia komunistaren erorierakin izandako depresio intelektual eta artistikoaren ondoren, krisia gainditzen hasi ginenean`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!