Kuba eta Venezuelako egoeraren testigantza bihar Hernanin, utopiari egun ona emateko

Kronika - Erredakzioa 2006ko aza. 19a, 02:00

‘Egunon Utopia!’ jardunaldiak Hernanin hasiko dira bihar ASKEk antolatu eta Natza elkartearen laguntzarekin, eta Koldo Mitxelenan eta Bergaran izango dute jarraipena aste guztian zehar. Jardunaldietan lau hizlarik hartuko dute parte eta horietako bi izango dira Biteriko hitzaldian: Iroel Sanchez Espinosa, besteak beste, Kubako Liburuaren Institutuko Lehendakaria; eta Hector Soto, Venezuelako Gobernuko Kultur Ministerioko Kabineteko zuzendaria.

Kubako eta Venezuelako egoera ezagutzeko aukera izango da bihar Hernanin, ASKEk eta Natzak elkarlanean antolatu duten hitzaldiaren barruan. Bi hizlari izango dira: batetik, Iroel Sanchez Espinosa Kubako Liburuaren Institutuko Lehendakaria; eta bestetik, Hector Soto Castellanos, Venezuelako Gobernu Bolibartarreko Kultur Ministerioko Zuzendaria. ASKEk (Alfonso Sastre Kultur Elkartea) antolatu duen Egunon Utopia! (Postmodernitatetik Neohistoriara) jardunaldien lehen hitzaldia izango da Hernanikoa, eta Koldo Mitxelenan eta Bergaran izango dute jardunaldiek jarraipena, aste osoan zehar. Iaz egin ziren Egunon Utopia! lemapeko lehen jardunaldiak, eta orduan ekarri ezin izan zuten jendearekin osatu dute bigarren edizio hau ´jardunaldia motz gelditu baizitzaigun iaz`. Koro Etxeberria ASKE taldeko hernaniarrak, Alfonso Sastre berak eta Joxe Mari Carrerek aurkeztu zuten jardunaldia ostiralean, Koldo Mitxelenan. Etxeberriak azaldutakoaren arabera, iaz atera zituzten jardunaldiak Donostiatik kanpora lehen aldiz, eta Hernaniko hitzaldiak izan zuen arrakasta ikusita, aurten ´ASKE sarea` Hernani eta Bergarara zabaltzera animatu dira, izen haundiko bi hizlariren eskutik. Utopia eraikitzen ari diren bi herrialde Kuba eta Venezuela utopia eraikitzen ari diren bi herrialde direla azpimarratu zuten ostiralean prentsaurrean, eta bertako kultur mugimenduaren berri zuzenean jakiteko aukera izango dute Hernaniko hitzaldira agertzen direnek. Fidel Castro eta Hugo Chavezen gobernuen nondik norakoak, ibilbidea, arazoak eta abar luze batetaz hitz egingo dute eta ´kapitalismoaren aurkako gobernu horietan` kultur munduak bizi duen egoeraz.

Guztira, lau hizlari

Hernanira etorriko diren lau hizlariez gain, Alfonso Sastre bera, Carlos Fernandez Liria eta Raul Fornet-Betancourt filosofoek ere hartuko dute parte beste hitzaldietan eta, aurten, antzerki obra motz batzuk ere izango dira, astearte eta ostegunean, hitzaldiekin batean, Mikelazulo eta Joxe Mari Carrereren eskutik. Antzezlan motz hauek hitzaldietan erabiliko den lema orokorrarekin zerikusia izango dute.

Hitzaldiak

Bihar, azaroak 20, 19:30, Biterin. Iroel Sanchez eta Hector Soto .

Asteartea, azaroak 21, 19:00, Koldo Mitxelenan. Alfonso Sastre eta Raúl Fornet-Betancourt.

Asteazkena, azaroak 22, 19:00, Koldo Mitxelenan. Carlos Fernandez eta Iroel Sánchez.

Osteguna, azaroak 23, 19:00, Koldo Mitxelenan. Hector Soto.

Ostirala, azaroak 24, 20:00, Bergarako Udaletxean. Hector Soto eta Iroel Sanchez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!