Sylla Lassina Costa de Marfileko errefuxiatu politikoak hitzaldia eman zuen asteazkenean Biterin, AMHER elkarteak eta SOS Arrazakeriak antolatuta. Lassinak Europarako bidaiaren gordina azaldu zuen jendaurrean. Gerran dagoen bere herrialdetik atera, mugak zeharkatu, Espainiatik Marokora bidali, desertuan utzi, ostera ere Espainian onartu... denetatik pasa behar izan du Lassinak azken urteetan, Europara sartzeko bidaian, Afrikako nahiz beste herrialde batzuetako jende askok bezalaxe. Bizi beharrak bultzata Bizi hobea bilatu asmoz herritik ateratzen den gazteak gaur egun bizia arriskuan jartzen duela azpimarratu zuen, eta ez dela kapritxo bat bidaia hori, bizi beharrak eragindako erabaki bat baizik: ´Familiari eta ingurukoei laguntza emateko helburuarekin ateratzen zara herritik. Baina, gure herrietarako, ez da irtenbidea gazteek alde egitea han jenderik geratzen ez bada, zeinek lan eginik ez baita geratuko, eta herri hori ez esistitzera kondenatua dago`. Inmigrazioa geratu nahi bada Europak Afrikako herrialdeak finantziatu beharko lituzkeela nabarmendu zuen Lassinak, ´gazteak bertan gera daitezen`.
Aberastasuna ostu
Hitzaldiko sarrera Niko Elizondo AMHEReko kideak egin zuen eta zenbait puntu salatu zituen: europar herriek aberastasuna osten dietela Afrikakoei eta hori dela gaur eguneko desorekaren arrazoia; behartsuenekiko insolidaritatea dagoela eta abar.