Hernaniko Askatasuna herriko presoen egoera azaltzen ari da hamabostean behin, eta Kronikari Gorka Loranen egoera azaldu diote. Askatasunaren hitzetan ´zenbait gertaerek medioetan sekulako garrantzia hartzen duten bitartean, beste gertaera batzuei, presoen eskubideen zapalketari esaterako, ez zaie oihartzunik ematen`. Duela hamabost egun Angel Pikabea Ereñotzuko presoaren berri eman zuen. Gorka Loran Lafourkaderi buruzko informazioa plazaratu nahi izan dute gaurkoan.
Orain hiru urte atxilotua
Gorka Loran Lafourkade 2003ko abenduaren 24an atxilotu zuen polizia nazionalak Hernaniko kaleetan, ETAko kide izatea leporatuta; eta Gari Arruarte hernaniarra ere operazio polizial berdinean atxilotu zuten. ´Bost eguneko inkomunikazioaren ostean, epailearen aurretik pasa ziren konfidantzazko abokaturik gabe, eta torturak salatu arren Soto del Realen, isolatuta, espetxeratu zituzten` Askatasunak gogoratu duenez. Atxilotu zituzten unetik, espainiar komunikabideek martxan jarri zuten ´muntai mediatikoa` salatu du Askatasunak, ´Gorka Loran eta Gari Arruarte kriminalizatzeko egin zuten presioarekin` batera. Horrez gain, Askatasunak aipatu du ez zela kasualitatea izan ´epaiketa inoiz ez bezala aurreratu izana eta 2.275 urteko espetxe zigorra ezartzea, hau da, bizi osoko espetxealdia`.
Gaur egun Gorka Valdemoroko espetxean aurkitzen da, Euskal Herritik 500 km-ra. Askatasunak adierazi du ´beste euskal preso politikoak bezala hamaika murrizketa pairatzen` dituela: ´astean 3 gutun idatzi ahal ditu, 4 patio ordu ditu soilik, ezin du espetxeko aktibitateetan parte hartu, eta abar luze bat`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!