Hernaniko Errugbi elkarteak web orria egin du, www.hernanirugby.com, errugbi taldeen informazio guztia bilduko duen web orria. Hernaniko errugbi taldeen emaitzak, azken orduko notiziak, argazkiak, historia eta abar jakin nahi dituenak bertan du informazio guztia eguneratua, astean pare bat aldiz behintzat eguneratzen baitute web orria. Hain zuzen ere, orri dinamiko bat egitea izan da helburua, Rafa Larretxea errugbi elkarteko kideak web orriaren aurkezpenean esan zuenez. Orriaren diseinua eta konposizioa Cicenetworks enpresko Iurgi Caminosek egin du eta Juanan Zabaleta, Rafa Larretxea eta Xixo Zabaleta dira orrialdea astero notizia eta argazkiz jazteaz arduratuko direnak.
Harremanerako giltza
Asteazkenean Landareko bulegoan azaldutakoaren arabera, hiru helburu nagusi ditu web orri honek: 1) Herritarrei eta bazkideei informazioa zabaltzeko erreminta izatea. Horretarako web orri dinamikoa sortu dute, erraz eguneratzeko modukoa. 2) Ia erabat euskaraz izatea. Web orrian %90etik gora euskeraz dago idatzia. 3) Inguruko elkarteekin harreman zuzenagoa izateko bitartekoa izatea eta laguntzaileei publizitatea eskaintzeko gunea izatea.
Kontaktuan jartzeko aukera
Web orriak eskaintzen du errugbi elkarteko arduradunekin jartzeko aukera ere. Errugbi elkarteak erantzungo die harremanetan jartzen diren e-mail guztiei.
Berrogeita bat urteko ibilbidea ikusgai
Web orriak zenbait altxor biltzen ditu beregan eta arakatu nahi duenak aurkituko ditu. Klubaren historiala azaltzen duen atala da altxor horietako bat: errubi elkartea 1965ean sçortu zen, infantil mailako ekipo batekin eta interneteko orrian ederki azaltzen du orduko hura: ´zaharrenek ondo gogoan dituzte oraindik ere Landare-Tokiko guardaren etxeko aldagela egokitzeko obrak, Urumea ibaia bideratzeko lanak eta Landareko instalazioen berregokitzea`. 1966an hasi zen Hernani txapelketa erregionaletan parte hartzen eta 1977-78 denboraldian ohorezko mailara igotzea lortu zuen lehen taldeak. ´1978-89 hamarkada urrezkoa izan zen Klubaren historian` web orri berriak nabarmentzen duenez, ´Estatu mailako goreneko mailan izan zen txapeldunorde`. Hernaniko taldeak lortu dituen txapelketak ere aurkituko ditu web orriko historialean arakatzen duenak; agian nabarmentzekoenak, seniorren estatuko lau txapeldunordetza (1980, 81, 82, 84) eta jubenil mailako taldeek lortutako bi Espainiako Txapelketa, 2001 eta 2002an.