‘Arquitectos sin Fronteras’ GKEaren lana ikusgai, bihar Chillida-Lekun, Haurtzaroaren Nazioarteko Egunean

Kronika - Erredakzioa 2006ko aza. 18a, 02:00

Haurtzaroaren Nazioarteko Eguna da bihar eta Chillida Lekuk ekitaldi bereziak egingo ditu, aurten Arquitectos sin Fronteras GKEa (Gobernuz Kanpoko Erakundea, ONGa) gonbidatuta. Bi helburu nagusi izango dituzte atzo prentsaurrean azaldu zutenez: batetik, Arquitectos sin Fronterasek egiten duen lana jendeari erakustaraztea eta bestetik, biltzen den dirua mendiko haurrentzako alberge batean inbertitzean, Perun. Luis Chillidak prentsaurrean esan zuenez, Eduardo aitaren lana arkitekturari oso lotua egon izan da, eta ikasketak ere horretantxe hasi zituen.

Goizetik eguerdira
Bihar goizean hasiko dira Haurtzaroaren Nazioarteko Egunari lotutako ekitaldiak, familiei zuzendutako bisita gidatuak, musika emanaldiak eta abar. 10:30-14:30 Pista jokoa eta zozketa, 4-7 urte arteko seme-alabak dituzten familientzat. 10:30-12:30 Hip-hop eta eskultura tailerra, funk hip-hop Smoke Screem taldearen eskutik. (Leku mugatuak izango dira eta izena aldez aurretik emateko 943 33 53 08 telefonora deitu). 11:00-12:00 Bisita gidatua, 8-12 urte arteko neska-mutilentzat (euskeraz eta gazteleraz). 12:00-12:30 Txokolatada. 13:15-14:15 Bisita gidatua, 8-12 urte arteko neska-mutilentzat (euskeraz). Sarrera debalde izango dute 18 urtez azpikoek eta inguratzen denak Chillida Leku museoa ikusteko aukera ere izango du GKEaren erakusketarekin batean.

Biltzen den dirua haurrentzako alberge batean inbertituko da,
Peruko Cuzco hirian  

Peruko Cuzco hirian dagoen haurrentzako alberge bati laguntzeko erabiliko du bihar bildutako dirua Arquitectos sin Fronteras GKEak, bertako kide batek asteazkeneko prentsaurrekoan azaldu zuenez. Sarreran biltzen den dirua horretarako emango du Chillida Leku museoak berak eta berekin kolaboratzen duten enpresen artean ere diru bilketa bat egina du museoak.

Mendiko haurrentzako
Cuzcoko albergea mendiko herrietako neska-mutilentzat egina da. Beren herrietan ez dute ikasteko aukerarik eta Cuzcora ikastera joan litezke albergeari eskerrak. Gaur egun 35 gazterentzako tokia dago albergean eta berari lotutako eskolan beste 20-25 neska mutil daude, Arquitectos sin fronteraseko kideak azaldu zuenez. Albergea dagoeneko irekia dago eta bertako aroztegi eskola osatzeko erabiliko dute Chillida Lekun ateratako dirua: ´tailerra ere martxan da dagoeneko, baina erreminta, mahai eta gainerako guztiak falta ditu eta bitarteko horiek erosteko erabili nahi da hemen bildutakoa` azaldu du GKEko kideak.
Eraikuntzari lotutako proiektuak
Arquitectos sin Fronteras GKEak lan ugari egiten ditu, ´hirugarren eta laugarren munduko erakundeekin elkarlanean`. Eraikuntzarekin eta arkitekturarekin zerikusia duten proiektuetan hartzen du parte GKEak, eta tokian tokiko garapen bat bultzatzen dute ´inoren menpe ez dagoena, parte hartzailea eta jasangarria`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!