Herriko mendizaleen diapositibak sarituko dituzte gaur Biterin

Kronika - Erredakzioa 2006ko aza. 17a, 02:00

Argazki lehiaketarako aurkeztutako bildumak proiektatuko dituzte eta onenek saria jasoko dute. Ondoren, Mendiriz Mendiren urteko argazki bilduma ikusi ahal izango da.

Mendiriz Mendik antolatutako Mendizale Astea bukaerara iristen ari da eta gaur argazki lehiaketako sariak banatuko dituzte, 19:30etan, Biterin. Atzo bukatu ziren proiekzioak, Mendiko eskia Kanadan proiekzioarekin eta gaur izango da Xabier Arnaizen argazki erakusketa ikusteko azken eguna. Astea etziko Zegama-Zerain irteerarekin bukatuko da.

6 sari banatuko dira
Gaurko sari banaketaren aurretik, herritarrek aurkeztutako bildumak emango dituzte eta ikusleek beren botua eman ahal izango dute. Mendizale Asteko argazki lehiaketak 27 edizio bete ditu aurten eta oihartzun haundia lortua du herrian. Herritar askok prestatzen dute bere bildumatxoa egindako mendi irteeretako argazkiekin eta asko izaten dira, baita ere, proiekzioak ikustera joaten direnak. Gaur Biterin sei sari banatuko dituzte, hiru diapositiba modalitatean, bi digital modalitatean eta bat bilduma hoberenari. Diapositiba modalitatean, hauek izango dira sariak: Mendia eta paisaia, Hernani eta ingurukoa eta herrikoiena. Digital modalitatean, berriz, Mendia eta Paisaia eta Hernani eta ingurukoa. Lehiakide bakoitzak sari bakarra lor dezake, Bilduma hoberena ataleko sarituak ezik. Sariak 60 eurotakoak izango dira eta trofeoak ere banatuko dira.

Xabier Arnaizen erakusketa ikusteko azken eguna
Xabier Arnaizek egindako argazki erakusketa aste osoan egon da Biterin ikusgai eta gaur du bertan azken eguna. Argazki mordoa ikusi daiteke, koloretan eta zuri beltzean, denak naturarekin lotutakoak. Argazki bakoitza izenburu batekin ageri da. 18:30etatik 21:00etara izango da zabalik.

Atzo arte proiekzioak
Atzo izan zen munduko txokoak ezagutzeko azken aukera, Mendiko eskia Kanadan emanaldiarekin. Jende asko ibili da aste osoan zehar Biterin, proiekzioak ikusten eta egileen azalpenak adi-adi entzuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!